‘Aiztoa eta arkatza’

Idazteari buruzko idazleen aholkuak biltzen dituen liburua da ‘Aiztoa eta arkatza’. Honez gero, euskarak badu bere lehen autolaguntza gida.

Irati Jimenezek egindako liburua da. Berak hautatu eta itzuli ditu liburuan topatuko ditugun testu guztiak. Antton Olagariarenak dira liburuaren hezurdura eusten duten irudiak, alegia, bere lanari jarraituz ordenatu dira egileak. Kontua da, Jimenezek liburuan parte hartu behar zuten idazleen zerrenda eman ziola Olagariagari eta marrazkilariak zeini erretratua egin aukeratu zuen.

Liburua zabaldu bezain pronto Harkaitz Canok emango dizkigu lehen aholkuak. Berak idatzi du hitzaurrea; mamitsua eta esango nuke, liburuan agertzen diren testu gehientsuak bezala, ironikoa [edo are gehiago autoironikoa] eta zorrotza dela.

‘Ezer salbatzekotan, estiloak salbatuko gaitu’ edo ‘konta-teknikak menperatu ezean zure bizitza birrindu dezakete hitzek’ bezalako aipu lapidarioekin egiten du harrera Canok. Eta artean ari da liburu honetan berebiziko garrantzia duen ardatz baten inguruan, eta behin baino gehiagotan entzun ahal izan zaion ideia baten bueltan; idazlea eta irakurlearen arteko amildegiaz.

Orain hilabete batzuk, Bilboko Alondegian antolatzen den ‘Gutun Zuria’ ekimenari esker, Harkaitz Canok Goizalde Landabasorekin izandako solasaldia entzuteko aukera izan nuen, eta bertan azaldu zuen Canok nola irakurleari, idazlearekiko distantzia handia dagoela iruditzen zaion eta amildegi hori zeharkatzeak ‘bertigoa’ ematen duela. Bestalde, behin beste aldera igarota, distantzia ez omen dela hain handia azaldu zuen. Izan ere, idazlea izateko ezinbestekoa da irakurtzea eta irakurtzeko ohitura duenari naturalki aterako zaio idazten hastea. Ideia horren bueltan kokatzen da ingelesez asmatutako ‘wreader’ hitza. Writer eta reader terminoak batzen dituen berba, Gorka Bereziartuak euskarara ekarri zuena: ‘idazkurlea’.

Ez dut uste hau, espreski, idazle profesionalentzat egindako liburua denik. Hau da, publikatzen dutenentzat. Horientzat bada, baina, nor ez da idazle? Nork ez du idazten? Liburuan zehar hainbatek aipatzen dutenez, hitzaurretik hasita, topatzeko arraroagoak dira ezer ez idazten duten pertsonak zerbait idazten dutenak baino. Esate baterako, egunerokoa, unibertsitaterako lan bat, eskutitz bat edota mezu bat.

Egiturari dagokionez, liburuak lau atal ditu. Hitzaurrearen ostean, liburuaren bihotzera egingo dugu salto nazioarteko hainbat idazleen aholkuak euren taupadez deskubritzen joateko. Kapitulu bakoitzaren izena, idazlearen izenak ematen du. Ondoren euren biografia txiki bat agertzen da. Biografia bibliografikoa biltzen du eta idazleek idazteko aholkuak noiz eta nola eman zituzten azaltzen zaigu aholku horien zerrenda edo dekalogoaren preludio gisa. Oro har, horrela da idazle gehienen kasuan, baina ez denetan. Esate baterako, Margaret Atwoodek 10 aholku zerrendatzen ditu baina Susan Sontagen kapituluan, idaztearen gaineko hausnarketatik bildutako ideiak dira Irati Jimenezek ekarri dituenak. Charles Bukowskiren kasuan, poema bat; 1977an idazleei zuzenduta idatzi zuen poema eta estreinekoz ‘Love is a dog from hell’ liburuan argitaratu zena. Idazle ona izateko egin beharrekoak azaltzen zituen.

Margaret Atwoodek hegazkinean idazteko aholkuak ematen ditu. Boligrafoak tinta botatzen duenez, arkatza eramateko eta bat baino hobeto bi gainean izateko; punta gabe geldituz gero, zorrozteko ezer ez baitigute hegazkinera igotzen utziko. Idazteko moduko zerbait eramateko esaten du baita ere; paper ezean, egur zati bat edo besoak balioko digula dio.

Susan Sontag beste hainbat konturen artean, adoregabetzeaz ari da: ‘ezin badut idatzi idazle txarra izateko beldur naizelako, ba idazle txarra izango naiz’.

Bukowskiren poema horrela hasten da
‘ Emakume pila apartekin egin behar duzu txortan
emakume ederrak.
Eta maitasun poema dexente batzuk idatzi.
Eta ez adinagatik arduratu
edo/ eta talentu berriengatik’

Hurrengo orrialdeak blokeoa, estiloa eta kritika hirukoteak betetzen ditu. Bakoitzak atal bat hartzen du eta sortzaile ezberdinen aipuak biltzen dira kontzeptu horien inguruan.

Blokeoari dagokionez ‘Sormenaren arerio handiena norbere buruan konfiantza falta izatea’ dela uste zuen Sylvia Plathek.

Estiloarekin lotuta Ray Bradburyren agindu bat ‘Zure intuizioak badaki zer idatzi, beraz, kendu erditik’.

Eta kritikaren gainean, hemen sortzaileek, gupida barik botatako aipuen zerrenda aberatsa topatuko dugu. Hemen Jack Keruac-en hitzak: ‘Kritikariek esaten badute zure lanari kiratsa dariola, kiratsa izan dezala nahi dutelako da eta kiratsa izatera eraman dezaketelako. Konformatzeraino izutu zaitzakete, haien eredu estandar laburrekin‘.

Azken orriak Irati Jimenezek sinatzen ditu; ‘Gibel solas laburra’ izeneko kapituluan. Esango nuke amaiera borobila ematen diola ‘Aiztoa eta arkatza’ den autolaguntza gidari. Betiko konparaketan erortzea bezain egia da, horizonteari begirada galduarekin uzten zaituen horietakoa dela amaiera.

Eta liburuak idazleek bakarrik egiten ez dituztela argi uzten du hasieratik; zuzentzaileek, diseinatzaileek, itzultzaileek eta editoreek ere egiten dituztela. Horregatik liburua bereiei dedikatua da.

Irakurri ostean gogoan geratu zaidanaz bi hitz.

Idazlea izan duena… Ez, horrela ez.
Idazten duenak bere arau edo jarraibide propioak definitzen ditu. Funtzionatzen dion formula, errezeta, bizitzeko modua bezain pertsonala dena. Oro har, liburuak agerian uzten du idaztea sortzailearen pasioa bada ere, lanbidea ere badela, hau da, diziplina, dedikazioa, lana eskatzen duen artea dela. Sormenak ordena behar du. Bakoitza bere erara, arau propioei fidel. Arauen zerrenda horrek gizaki bakoitza dena irudikatzeko zantzuak ematen ditu. Beraz, liburu hau autolaguntza gida bat baino gehiago da, hots, idazle bakoitzaren sormen-mundura sartzeko atea da eta ez da dudarik ausarta izan behar dela zabaltzeko.

(02:28: 30, Euskadi Irratian, 2013-11-23)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: