Ixone eta txokolatezko txanponak

[iradokizuna irakurketarekin batera entzuteko hemen]

Ixoneri hortz bat erortzen zitzaion bakoitzean, Pérez arratoitxoak txokolatezko txanponak erregalatzen zizkion. Aitak aaaasko zirela esaten zion eta horregatik baten bat berari emateko eskatzen zion. Nebak barre egiten zuen ‘hortzik gabe nola jango duzu txokolatea?’ zirikatzeko xedearekin txeratsu esaten zionean, Ixonek amorratuta ‘denak jango ditut!’ oihukatzen ziolako. Izorratzeko egiten zuen, egia esan, txokolatezko txanponen zaporea ez baitzuen bereziki atsegin. Amak, inuxenteki, bazkal aurretik tentazioan ez erortzeko agintzen zion, bestela platera hustu ezin izango zuelako. Haatik, txanponekin edo gabe Ixonek ez zuen sekula platera garbi uzten, gaur egun egiten duen modu berdinean. Dagoeneko aitak ez dizkio txokolatezko txanponak partekatzeko eskatzen, nahiz eta Ixoneri hortzak eroriko balitzaizkio gustu handiarekin arratoiak ekarritako denak emango lizkiokeen. Helduak diren arren, umea bailitzan babesten duen nebarekin duen lotura estuak ez du ezkortasunik ulertzen. Amarekin trukatzen dituen begi elkarrizketetan, bi emakumek ikusten dute elkar. Orain txanponak ez dira txokolatezkoak; buruhauste, desesperazio eta esfortsu zaporea dute. Transakziorako erabiltzen ditu: alokairua ordaintzeko, elikatzeko, janzteko, zinemako sarrera erosteko, liburuak lortu eta kontzertuetara joateko. Ez du zoriona bere definizio utopikoenean ezagutu, badaki ordea zer den oreka. Eta ezin du irudikatu ondo izate hori baino egoera perfektuagorik. Baina patuak, alde batean zein bestean, ustekabean uzten ditu zamak eta ordenatu bitartean, erortzeko bezala altxatzeko ere, kemenak egin behar du lana.

Ixone gaixotu egin da. Ezjakina den arrazoiren batek zentzumen bat lapurtzen ari zaio. Entzumenarekin batera, berezibikoa duena mundua ulertzeko, bere bizitzan odola bezain oinarrizkoa duen ikusmena. Hilabeteak eman ditu gustuko dituen afizioetaz gozatzeko metodo berriak deskubritzen, hots, bere gorputza egoera berrian ezagutzen. Eta lehen zuen gorputza herdoildu dela konturatzen denean, Ixonek negar egiten du arnasa hartu ahal izateko. Ingurukoek ordea ez dute onartu nahi eta ‘dena ondo joango da’ kalamua kontsumitzen hasi dira. ‘Nola azaltzen ahal zaio maite zaituenari gauza txarrak ez zaizkiola ‘jendeari’ gertatzen, guri gertatzen zaizkigula, alegia, jendeari’ galdetzen dio bere buruari. Ixone hauskorra dela ikasten ari da eta onartu du; kartesianoki esanda, bere gorputzak eta bere arimak bide bereiziak hartu dituztela.

Egoera berriak ematen dizkio ezusteko harrigarriak eta lantzean behin barregarriak. Letrak lehen ez bezala dantzan ikus ditzake, batez ere puntu eta koma eskasak erabiltzen dituzten autoreen idatzietan. Antzeko koloredun formak non hasi eta bukatzen diren ez dauka oso argi eta horri esker, ezpondak, eskailerak eta tankerako garaiera aldeak bereizteko arazoa dauka. Alde baikorra ikusten dio gaixotasunari, arrazoi honengatik estropezu egin edo lurrera erortzen denean, norbaitek barre egiten duenean, umore ona oso kontu garrantzitsu eta serioa dela baitaki. Bi begiak klisklatzen ikasi du, eskuekin trekkie agurra egiten ikasi zuenetik, gainditzeke zuen asignatura. Ez da sekula bakarrik sentitzen, inguruan dantzan hamaika izaki zeharrargitsu ikusten dituelako. Bera ondo sentitzen da.

Medikuek pazientzia izan dezala eskatu diote Ixoneri, saiatuko direla apurtutako pieza konpontzen. Horretarako Jack ‘The Ripper’-en tailer harategiaren antza duten gela zurietara deitzen dute. Drakula hiru hilabetez elikatzeko adina odol atera diote, kotxeen artean ez ezik, hodi, botila eta pipetetan pixa egiteko eskatu diote inolako isun barik, Marion Cotillard bailitzan lehenengo plano argazki sorta egin diote pose ezberdinetan eta ziztako berba, ‘txistako’ hitzetik berak nahi baino urrunago dagoela jakin du eta ziztada + zaplasteko hitzen elkarketa ez ortodoxotik hurbilegi.

Horietako bakoitzetik irtetzen denean, amak txokolatezko txanpon bat ematen dio. Dagoeneko Ixonek badaki arratoia gurasoak direla, baina amak oraindik ez du Ixonek txanponekin zuen harreman haur eta korapilotsuaren berririk. Ixonek irribarre zabal batekin ahoan sartzen du azukre puska, osasuntsu zegoenean ez bezala, orain badelako gai ikusteko lehen ikusi ezin zuena.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: