Korapiloak

Irakurtzea sobera atsegin ez duela esan zidan lagunak aurrekoan. Ikastolan eta institutuan liburu bat edo beste gustura irakurri zuela, baina ordutik ez duela plazerez liburu bat eskuartean hartu. Gainera, oroitu zidan, garai hartan derrigortuta irakurtzen zuela, nahiz eta onartu, Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel umorezko eleberriarekin dezente barre egin zuela. «Petroleoa bilatu» metafora paregabea iruditzen zitzaion ahuspez dagoen mutilaren erekzioa deskribatzeko. Esan zuenez, liburu hura irakurri zuenean konturatu baitzen euskaraz lagunarteko gertuko hizkera erabiltzea posible zela.

Erekzioa aipatu zuela, gogoratu zuen Joxemari Iturralderen Lehen amodioa Suedian liburuarekin  masturbatu zela. Ordura arte ez zuela harreman sexualen inguruko testurik irakurri, eta askatzailea otu zitzaiola bere antzeko edadea zeukan norbaiten peripezia sexualen berri izateak. Lipar batez isildu eta beste irakurketa baten gomuta burura ekarrita, aitortu zidan ez zuela horren ondo pasa Jon Miranderen Haur besoetakoa irakurtzen. Alde batetik, erabilitako euskara zenbaitetan zaila egin zitzaiolako, eta besteetan, gizonaren eta haurraren arteko harremanak ezinegona sortu ziolako.

Obabakoak!, oihukatu zidan botepronton. Hizkuntzaren kontua dela-eta, Bernardo Atxagaren liburuak buruko mina eman ziola azaldu zidan. Haatik, hitz dezente azpimarratu zituela arkatzarekin eta etxean aspertuta zeukan 2000 hiztegiari astindu ederra eman behar izan ziola. Penaz esan zuen, klasean atal batzuk besterik ez genituela irakurri, eta tarteka orriak ezagutu zituela, denborarekin liburua amaitu zuen arte.

Orain, lanean atseden hartu eta barealdia gertu daukalako zerbait irakurtzea gustatuko litzaiokeela esan zidan. Ohitura aldatzeko tenorea iritsi zaiola uste duela eta paperera lotuko duen zerbaiten bila ari dela. Hainbat liburu hasi eta 50. orrialdera iritsi aurretik jarraitzeko gogoa galtzen duela esan dit.

Azken aldian hasi dituen liburuen artean, euskaraz bat ere ez. Korapilotsuegiak direla esan dit, atzeraka egiten diotela. Beraz, aurten dagoeneko euskaraz argitaratu diren eleberri, saiakera, antzerki eta poesiazko hogeina libururen zerrenda prestatu diot. Papera kordel batekin lotuko dut, ikus dezan, zeinen erraza den korapiloa askatzea.

Geuria aldizkarirako idatzitako artikulua

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: