Itzulera da zailena

Donostian, 2021eko urriaren 12an.

Itzulera da zailena.

Pasaportea berritzeko V1H txanda egokitu zait. Hegazkin istripuan hiltzeak beldur handia sortzen dit. Hiltzeak oro har. Irria atera dit paperak. Funtzionarioak pasaporte zaharra eta 30 euro eskatu dizkit derrigorrezko dokumentua egitearen truke, baina, 20 euro ditut. Ezetz ez duela txartelarekin ordaintzekoa. Covid garaian ere ez, serio? Eta tipoak ezetz, ulertzen duela faena, itzultzeko beste egun batean. Bizum erabiltzen baduzu nik ordainduko dizut, esan dit Begoñak. Ez nau ezagutzen. Alboko eserlekutik Nola utziko zaitut horrela? Dio. Keinu horrek baimenduko dit epe barruan eta legalki Munduko Plazan saioko lehenengo bidaia egitea.

Lehenengo geldialdia Polonia. Frankfurten konexioa egin dugu. Aurrerantzean horrela izango da beti; Bilbo – Frankfurt- X- Frankfurt – X – Frankfurt- Bilbo. Guztira, hiru bidaia luze. Bi herrialde bidaia bakoitzeko. Hamalau egun inguru kanpoan, astebete etxean, berriz ere hamalau egun kanpoan, astebete etxean eta azken hamalau egunak kanpoan. Bi hilabetez bidaiatu gara; maiatza eta ekaina. Ezin Basaurira edo Bilbora joan familia eta lagunak bisitatzera, baina, posible dut Queretarako El Faro Kantinan la prodigiosa txupitoa edan. Zoroa. Badut nire pribilegioen kontzientzia zeharkatzen nauten biolentzien beste. Orain, pandemia garaian, bidaiatu ahal izateak irrika eta ezinegona sortzen dizkit. Ardura handia sentitzen dut. Familia eta lagunei argazkiak bidaltzen dizkiet, bideoak, ahots mezuak, ilusio apur bat. Zenbatek nahiko luke nire azalean egon, zenbatek beharko luke bidaiatu ilusioa berreskuratzeko.

Aireportuak hutsik daude eta stop motion balitz legez, hemezortzi hegaldietan zehar horiek betetzen doaz. Frankfurteko lasterbideak eta langileak ezagunak zaizkigu. Polonia, Mexiko, Turkia, Grezia, Austria eta Portugalek pandemiaren aurrean hartu duten jarreraren eragina ezagutu dugu. Testigantzak. Gizartearen tenperatura. Neurriak.

Joder, zeinen pribilegiodunak garen una historikoa munduan zehar bizi ahal izateagatik.

Erori dira saioak herrialdeak itxi dituztelako edo berrogeialdiak ezarri. Epeak ditugu betetzeko, berrogeialdietarako tarterik ez. Erori dena altxatu behar da, arin lan egin behar da, arin prestatu behar dira saioak. Malabareak. Txertorik gabe bidaiatu gara kutsatze tasak gora eta behera ari direla. Ez ditut gurasoak ikusi saioa grabatu bitartean, badezpada. Malkoa darie dei bakoitzean, eta ulertzen dut. Musukoak, segurtasun distantzia eta aire librea. Taldekide bakoitzak gela propioa du hotelean beharrezkoa balitz isolatu ahal izateko. Produkzioko lantaldeak aseguruak kudeatu ditu eta protokoloa jarri digute gaixotuz gero egin beharrekoekin.
Beldur naiz Mexikon kutsatu eta bertan berrogeialdia isolatuta egin behar badut. -Baina hau laostia da.-
Beldur handiagoa ematen dit hegazkin istripu batek.
Beldurrik handiena kamera aurrean jartzeko kapaza ez izateak sentiarazten dit.
Beldur nagusi eta zentrala beldurra bera da, horren ondorioz zerbait egiteari utzi ahal diodala pentsatzen dudanean.

Material berekoak garela dirudi, lantaldearen piezak bikain ahokatu dira. Elkar orekatzen gara, zaindu, indartu, animatu, ulertu.
Ondo ari zara.
Guay joan da, ez?
Beste planito bat hemendik, va?
Mesedez, jarri hor.
Está más quemau que la pipa de un indio.
A ver, ez dut ondo entzuten.
Zu trankil.
Hartu kamera hemendik.
Mikroaren kablea zuk pasatu.
Zelako pena martxa hartuta daukagula denboraldia amaitu behar izatea.
Venga, euria egingo duela.
Erakutsiko dizut planoa?
Pasa faja, joango naiz jartzen.
Zelan egin dozue lo?
Non daude segurtasun uhalak? Ez, hemen ez dira beharrezkoak (Furgoan)
Jo, ekipo, ze ondo, benetan.

Horregatik izan da posible Munduko Plazan. Oso humanoa eta eraginkorra da pertsonen konbinazioa lantaldean, eta oso humanoak dira parte hartzaileak ere. Esku zabalak, euren bizitzako pasarteak kamera aurrean (eta atzean) partekatzeko kapazak. Zenbat bizi errelato, zenbat esperientzia, zenbat estimulu. Eskola handi bat da Munduko Plazan, artistikoa, emozionala, krudela eta telebisiboa.

Beste plano batean, ilunagoa, eskuzabalagoa eta pertsonalagoa, niretzat zailena ez da proiektua egitea izan, zailena mamuak uxatzea da. Biolentzia patriarkala hegazkin fobia baino beldurgarriagoa da. Ez da gaurko kontua, pisua gorputzean nirekin etorri da. Elur bola bat bezala pilatu dira hitzak urteetan zehar, eta indarra trebatu behar da emozionalki lurrera botatzen zaituzten bakoitzean altxatu ahal izateko. Hasieran ikusezina egiten zitzaidan; kontratu txikiak, lan banatze irregularrak, lana izango duzun edo ez, alegia, jateko izan duzun edo ez aukeratu dezaketen pertsonen boterea, ez jakintasuna, ordaintzen ez diren kolaborazioak, berehalako erantzuna behar duten proposamenak, edozein kanaletatik heltzen zaizkizun mezuak lana eskaintzeko diruaz txintik aipatu gabe… kemena bildu behar da, bidea jarraitzeko edo egiten ari zarena bidea dela sikiera ulertzeko. Iritzi emaileek ere ez dute betarik galtzen, askotarikoak esan dizkidate urteetan zehar:

Zuk nahi duzuna argazkian ateratzea da.
Liburua noizko?
Emakume ederrei egiten diete proposamena.
Zenbat urte dituzu? Ez nekien horren zaharra zinenik.(Honi Mariluz Estebanek primerako ahozulo itxiera oparitu zion: urteak beharko zituen ba, egin dituen gauza guztiak egin ahal izateko.)
Telebistarik ez duzu egingo ya, ezta? Zu ya emakumetuta zaude!
Nola daramazu promesa bat izan izana, edo zurekiko nolabaiteko espektatibak zeudela jakitea, eta inora heldu ez izanak?

Testuinguruaren arabera irudi edo argazki bat ere izan daiteke biolentzia modu bat.
Testuinguruaren arabera isiltasuna ere izan daiteke biolentzia modu bat.

Eta beste hamaika kontu gehiago, orain ez daukadan frekuentzian bibratzeko eskatzen dizkidatenak. Askotan ezustean harrapatu nau, batez ere, ustezko gertuko ingurutik etorri denean.

Bidean ez dago zorterik, sekula ez da zorte kontua. Inguru abegikorra sortu, zaintza praktikatu, autokritika egin, biktimismoak irentsi, indartsu mantendu eta lan emozionala eskatzen dit biolentziari aurre egiteak, besteak beste. Beti erne, beti lasai. Karga guzti hori kamera baten aurrean jartzen naizenean daukat, beste hainbat emakumek bezala.

Eskerrik asko proiektu eder honen parte izateko opariagatik.
Eskerrik asko Begira Produkzioei, lantaldeari.
Eskerrik asko izan dugun harreragatik. Beroa izan da eta maitasunezko hitzez betea. Bortizki flipatzekoa. Eskerrak eman nahi dizkizuet bihotzez astero-astero saioa ikusi duzuen guztioi; zuzenean ostegunetan aparatuaren aurrean paratu zaretenoi, telebistan grabatu ondoren ikusi duzuenoi edo nahierarekin borrokatu zaretenoi ikusi ahal izateko. Saio guztietan ez bada, baten batean gurekin bidaiatzeko gogoa izan duzuenoi ere.
Esker bereziak, ilusioz bete nauelako honek, ETB1 ikusteko ohiturarik ez daukazuenoi eta Munduko Plazan ikusi duzuenoi, are gehiago guri idazteko tartea hartzeagatik. Are gehiago, horietatik batzuk, beldurrik gabe zuen euskara maila erakusteagatik. Jo-der, begia bete didazue.Uste nuen, Euskal Herrian jendeak ez zuela feedbackik ematen eta ikaragarria izan da kontrakoaz jabetzea. Ezin zenbatu jaso ditu(dan)(gun) mezu guztiak, animoak emateko, zoriontzeko eta hobekuntzak egiteko, biziki eskertzen dizkie(t)(gu).

Hasieran esan dut, itzulera da zailena.

Zuekin edonora, ekipo.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: