Archive

Literatura

Martxel Mariskalen (1964, Hondarribia) sortzaile ibilbidea gizatasunaren
aldarrikapenetik jaiotako hitzek lotzen dute. Iristen somatu ez zuen gaixotasun batek oinazean murgildu zuen arren, haria ez da sekula eten. Beti Mugan eta Lisabö musika taldeen kantuetan, besteak beste, zein Me llamo Ezequiel y así será siempre liburuan (2001, Hiru) aurkituko dituzu bere hitzak.

Hitzak al dira sorkuntzaren oinarria?
Niretzat bai. Betidanik idatzi izan dut. Bost anai-arreba gara, eta idazten nuena erakusteak lotsa ematen zidanez, ezkutuan egiten nuen. Txikitan musika gailentzen zen gure etxean; bi arrebek pianoa jotzen zuten. Ni ez nintzen musikan serio murgildu hemezortzi urte inguru izan nituen arte.

Institutu garaian, beraz.
Musika mugimenduak eztanda egin aurretik, Hondarribiko institutuan elkar ezagutu genuen gerora elkarlanean aritu ginen hainbat lagunek. Kortatu sortu baino lehen, Desband izeneko taldea zuten Iñigo Muguruzak eta Beti Muganen joko zuten Xabi Lópezek eta Javi Álvarezek. Beste lagun batekin joaten nintzen beren ensaioetara; orduan hasi nintzen abestien hitzak idazten.

Orduan eten behar izan zenuen musika ibilbidea atzerrira ikastera joateko?
21 urte nituela joan nintzen atzerrira. Atletismoan eta futbolean aritzen nintzen, eta kirolari esker beka bat lortu nuen. Hiru hilabeteko kontua izan behar zuena luzatu egin zen, eta karrera osoa egin nuen AEBetan. Nire literatur zaletasunak zein ekoizpenak han izan zuten eztandarik handiena. Niretzat hain garrantzitsua izan den Beat Generation literatur mugimenduak ikuspegia asko zabaldu zidan. Bizi esperientzia handia izan zen niretzat.

Bizitzak esperientzia garratzagoa zuen zain zure itzuleran.
25–26 urte nituela bueltatu nintzen. Aita gaixorik zegoen, eta bagenekien hilko zela. Irakaskuntzan topatu nuen lana: aurrena Arrasaten, ondoren Hondarribia inguruan. Orduan hasi zen Beti Mugan.

Nola sortu zen Beti Mugan?
Irunen Javi eta Xabi azken honen etxean elkartzen ziren, eta ni baxuarekin joaten hasi nintzen. Aldi berean, Ramon bateria-jotzaileak eta Koldok, beste gitarra-jotzaileak, nire anaia gazteenarekin punka jotzen zuten. Nire anaia Ze Arraio taldera joan zen eta besteok batu eta Beti Mugan sortu genuen. Jarraian batu zitzaigun Nagore Santamaría abeslari bezala, eta bere lehengusuak ere hainbat kantutan ahotsa jarri zuen. Digitalizazioa sartzen ari zen garaian maketa egin genuen. Oso azkar gertatu zen dena.

Nolakoa zen Beti Mugan taldearen sorkuntza prozesua?
Lokalera joan eta jo, jo eta jo. Batzuetan testuak eramaten nituen, eta beste zenbaitetan musika sortzen genuen aurrena. Nik ez dut nire burua musikaritzat hartzen, baina argi daukat, ordea, benetako musikariak genituela taldean. Azken batean, talde lan handia zegoen atzean.

Zergatik amaitu zen Beti Mugan?
Hasi zen bezala, oso modu naturalean eta lagunartekoan. Edo modu profesionalagoan hartzen genuen edo utzi egiten genuen. Alde batetik, proiektuak hartutako bolumena gure kasa kudeatzea zaila zen, eta bestetik, iritzi ezberdinak genituen hartu beharreko bideari zegokionez. Momenturik hoberenean utzi genuela argi daukat. Edozein sormen prozesuren baitan disfrutatzea oinarrizkoa da. Ez baduzu disfrutatzen, gainontzeko guztiak indarra galtzen du.

Zein da garai hartaz duzun oroitzapena?
Dena oso intentsoa zen. Maketa grabatzen ari ginela aita hil zitzaigun (isilik geratu da). Hilabete batzuetara Nagoreren aita hil egin zuten Donostiako alde zaharrean. Baina era berean ilusio handiarekin nintzen Euskal Herrian ordura arte egin ez zena egiten ari ginelako. Indar handia zuen Euskal Rock Erradikala etiketarekin izendatutakoak, eta gu ez ginen hor sartzen. Askatasunez egiten genuen euskaraz zein ingelesez, aldiz, gaztelaniaz inoiz ez zaizkit kanten hitzak atera.

Beti Muganen ondoren, Zura sortu zenuten.
Bai. Xabi Strubellek zerbait ezberdina egiteko gogorik ote nuen galdetu zidan, ea nire letrei ahotsa jarri nahi nien. Asko gustatzen zait speaking words estiloa, eta lanean hasi ginen. Xabi oso musikari ona da; bi gauzatxorekin hitzak egiteko aproposa den giroa sortzen du.

2000. urtearen bueltan izango zen hori, ezta? Garai bertsuan hasi zinen Lisabö taldearekin?
Bai, hor nonbait. 2001ean heldu zen Lisabö. Elkar ezagutzen genuen beraiek Irungo Mosku plaza inguruan ibiltzen zirelako, eta Beti Muganen kontzertuetara etortzen ziren. Lisaböri eskaini zioten udaberri hartan Donostian antolatu zituzten ekintzetako bat. Testu luze bat idazteko eskatu zidaten, eta hogei orrialdetako poema egin nuen: Egun bat nonnahi. Kontzertu berezia egin nahi genuen; lauzpabost minututako kantak izan beharrean, etenik gabe jo nahi genuen, intentsitatearekin jolastuz. Emanaldi bakarra izan zen. Dena den, bertso batzuk hartu eta kontzertu hura laburbiltzen zuen diskoa egin zuten Madrilgo Acuarela diskoetxerako. Hortik aurrera, tarteka, elkarrekin gauzak egiten hasi ginen.

Nola sortzen dituzu beste batek egindako musikarentzako hitzak?
Gustatzen zait taldea entzutea eta hitzak zertarako nahi dituzten ulertzea. Lisabören kasuan, euren irudikari eta sentikaria horren ondo ezagutzen ditut, nik zerbait idatzi eta beraiek horrekin jolastea erraza dela. Baina beste talde batek eskatzen badizkit, arretaz entzun behar dut musika. Agian metafora argiak eta hizkuntza denotatiboagoa erabiliko dut, baina Lisabörekin irekia da dena eta askatasunez mintza naiteke.

Askatasuna elkarrenganako konfiantzak dakar, edo taldeak sortzeko duen moduak?
Biek. Oso era irekian lan egiten dute; giro batetik hasi eta horrek funtzionatzen badu haziz joaten da. Zurrunbilo bat bezalakoa da, eta kiribil horretan barneratzen zoaz. Atmosferak lantzen dituzte.

Zergatik da Lisabören kasuan hain handia hitzen eta musikaren arteko sinbiosia?
Ondo diozu, niretzat sinbiosia erabatekoa baita. Emozioen aldetik, beraien musikak asko transmititzen dit. Hori da maite dudana. Inguruak elikatzen gaitu. Azken finean, elkar ondo ezagutzen dugun pertsonak gara bizipenak konpartitzen. Ez da batere erraza hitzetan azaltzea, eta era berean oso gauza sinplea da. Pertsonen arteko konexioa dago, eta horrek forma hartzen du hitzekin eta musikarekin.

Bizipenek sortze prozesua elikatzen dutela diozu. Erabat ezberdina da Beti Muganen bizi zenuen momentua eta Lisabörekin sortzen duzunetik bizi duzuna.
Bai, gaixotasunarekin daukadan egoerak baldintzatzen nau.

Kuriosoa da, izan ere, Lisabök egiten duen musika ez da espreski zuk entzun dezakezuna.
Hala da. Maite dut eta barnekoak askatzeko aukera paregabea ematen dit: pentsamenduak, emozioak, sentsazioak… Baina egia da, Lisabören musika zaila da niretzat.

Elkarrekin lanean jarraitzen duzue?
Geldiune batean daude, baina jarraitzen dugu elkarren berri izaten, eta gogotsu. Lisabörekin edozein momentutan zerbait sortu daitekela edo zerbait egon daitekeela badakizu, ezta? Kar, kar, kar.

Musika askatasunarekin alderatzen duzu. Baina, ez al da musika baino askatzaileagoa zure idatzietan azaltzen den emozioen abstrakzio horretan bizitzea?
Bai, hori da. Niretzat sormen prozesuak askatzaileak eta terapeutikoak dira. Formatuak berdin du. Eguneroko erritmoarekin apurtzen laguntzen digute: beldurrak, mugak eta bestelakoak. Prozesu horietan oso humanoa sentitzen naiz, eta eguneroko bizitzan hori ez da maiz gertatzen. Sortutakoak zabaltzen dituen komunikatzeko bide guztiak dira interesatzen zaizkidanak, pertsonen arteko hariak. Horrek norberaren gizatasunarekin harreman zuzena dauka. Hori hala dela ahazten duen gizarteak ez dauka etorkizunik.

Gizatasuna sentitzeko gaitasunarekin lotzen duzu, eta sentitzearen parte dira min fisikoa eta emozionala. Minetik baikortasuna loratzeko gaitasuna daukazu?
Bai. Minari esker zein hauskorrak garen ulertzen dugu. Horrek egiten gaitu gizaki, eta hori ez dugu sekula ahaztu behar. Apaltasuna beharrezkoa da, eta uste dut sortzaile askoren artean apaltasun falta handia dagoela. Minaren esperientzia bizi duen pertsona batek bere barrenean derrigor arakatzen du, mina bizi ez duenak baino askoz gehiago. Askoz ere kontzienteagoa da ingurukoetaz. Mina duzunean bizitzaren erritmoa geldiarazteko beharra daukazu, eta horrek begirada bat dakar, ez dakit sakonagoa den, baina bai errealagoa.

 

Heriotzari aurrez aurre begiratzen diozulako?
Bai, hala da. Hauskortasun horrekin lotuta dago. Azken finean, gizakion gorputzak funtzionatzea magikoa da; bizitza mirari hutsa da eta ez gara konturatzen.

Inoiz kartzela baten zaudela sentitu izan duzu?
Ez dakit kartzelaratua den hitza, baina nire bizitza, ezagutzen nuen bezala, moztu egin zela sentitu dut. Gainera, nahiz eta sendatzeko borondate guztia jarri, ez dago ezer egiterik. Niri organismoaren akats batek zera esan zidan: «Txikito, hemendik ez zara mugituko. Ea orain nola moldatzen zaren». Bizitza gorrotatzera heldu zaitezke. Ez da erraza. Egun asko dira geldirik, ordu asko, munduak bere bidea jarraitzen duen bitartean. Ezin duzu ezer egin, pazientzia eduki eta une hobeak iritsiko direla sinetsi besterik. Eta une hobeago horiek iristen direnean, aprobetxatzeko ahalegina egin.

Zer eragin izan du egoera horrek zure sormen prozesuan?
Apurka berriz ere martxan hasi naizen arren, buruan nituen hainbat gauza egiteko ezintasuna ekarri dit. Hala ere, sormen prozesuak oso terapeutikoak dira.
Askotan esan didate espreski horren gainean idatzi beharko nukeela, baina, alde batetik, goizegi dela sentitzen dut. Ez dut horren bila joan nahi, bera etortzen da nire bila egunero.

Alde batetik, Lisabörekin oholtza gainean nahi beste egotea galarazten dizu, baina bestetik, han taularatzen dena zurea ere bada. Arrakasta horrek inporta dizu?
Publikatu edo ez, arrakasta izan edo ez… beti jarraituko dut idazten. Denok daukagu egoa, eta ego hori neurtzen jakin egin behar da. Egoak talentua akatu dezake. Sortzen duzuna produktu bilakatzen da, eta horrekin kontu handia izan behar dugu.

Arrakasta bilatu egiten da ala bera dator?
Arrakasta dator. Eta nik uste dut batek lan handia egiten duenean iritsi behar duela. Gaur egun dena da produktuen sartu-irtena. Denboran irauten duten lanak dira baloratzen ditudanak.

Balioa aitortzeko modua denboran irautea bada, Me llamo Ezequiel y así será siempre zure lehen eleberriak baldintza hori betetzen du.

Uste dut literaturan zein beste alor artistiko guztietan humanoak egiten gaituzten gai unibertsalak badirela: heriotza, maitasuna… Eta konbentzituta nago nire eleberriak horregatik irauten duela. Nire harridurarako, ikusi dut nola Ezequiel-ek inoren bultzada interesaturik gabe, bere bidea egin duen, ni derrigorrean mugitu ezinik nengoen bitartean. Niretzat pertsona bakar batek liburua zabaldu eta zerbait transmititu diola jakitea kristorena da.

Egia esan, liburuak daukan sarea handia da, gehienbat ahoz aho eta eskuz esku pasa den liburu bat izateko.
Kontziente naiz, eta asko harritzen nau. Iaz, esate baterako, lagun batzuen kafetegian utzi nuen ale batzuekin kutxa bat. Ale bakoitza hiru eurotan saldu zen, eta bildutako dirua Cáritas elkarteari eman genion. Hiru kaxa saldu ziren, eta askotan esan didate: “Ekarri gehiago, Martxel!”. Handia da. Ez dut nigan pentsatzen, liburuko pertsonaiek mundu errealarekin sortzen dituzten loturetan baizik. Bi plano ezberdinetan elkarri gauzak esaten ari dira.

Zenbat denbora behar izan zenuen liburua idazteko?
Bi urtetan idatzi nuen. Nahi nuen lanpostua lortu nuen Bostonen, eta joatekoa nintzen. Aurretik, lagun batek irakurri zuen eta publikatu behar nuela esan zidan. Abuztuan Hondarribin liburu azoka egin zen, eta bertan argitaletxe bateko arduradunari eman nion idatzitakoa. Hurrengo egunean hegazkina hartu nuen, eta gero, argitaratu nahi zutela esateko idatzi zidaten. Oso azkar joan zen. Liburua oso era zintzoan idatzi nuen, eta uste dut egin beharreko ibilbidea ere zintzoa izan behar dela. Liburu horrekin ez dut dirurik irabazi, eta zorionez, liburuak bizirik dirau traba askoren ondoren.

Ezequiel liburua dendetara bueltatuko da?
Bai. Bueltatuko da, nik bakean geratu behar dudalako. Ezequiel ondo ikusteko beharra dut, edizio lan txukun batekin. Eta egin nahi ditudan hurrengo lanei eusteko, beharrezkoa dut.

Paperean, Gaztezulo aldizkarian

Irakurtzea sobera atsegin ez duela esan zidan lagunak aurrekoan. Ikastolan eta institutuan liburu bat edo beste gustura irakurri zuela, baina ordutik ez duela plazerez liburu bat eskuartean hartu. Gainera, oroitu zidan, garai hartan derrigortuta irakurtzen zuela, nahiz eta onartu, Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel umorezko eleberriarekin dezente barre egin zuela. «Petroleoa bilatu» metafora paregabea iruditzen zitzaion ahuspez dagoen mutilaren erekzioa deskribatzeko. Esan zuenez, liburu hura irakurri zuenean konturatu baitzen euskaraz lagunarteko gertuko hizkera erabiltzea posible zela.

Erekzioa aipatu zuela, gogoratu zuen Joxemari Iturralderen Lehen amodioa Suedian liburuarekin  masturbatu zela. Ordura arte ez zuela harreman sexualen inguruko testurik irakurri, eta askatzailea otu zitzaiola bere antzeko edadea zeukan norbaiten peripezia sexualen berri izateak. Lipar batez isildu eta beste irakurketa baten gomuta burura ekarrita, aitortu zidan ez zuela horren ondo pasa Jon Miranderen Haur besoetakoa irakurtzen. Alde batetik, erabilitako euskara zenbaitetan zaila egin zitzaiolako, eta besteetan, gizonaren eta haurraren arteko harremanak ezinegona sortu ziolako.

Obabakoak!, oihukatu zidan botepronton. Hizkuntzaren kontua dela-eta, Bernardo Atxagaren liburuak buruko mina eman ziola azaldu zidan. Haatik, hitz dezente azpimarratu zituela arkatzarekin eta etxean aspertuta zeukan 2000 hiztegiari astindu ederra eman behar izan ziola. Penaz esan zuen, klasean atal batzuk besterik ez genituela irakurri, eta tarteka orriak ezagutu zituela, denborarekin liburua amaitu zuen arte.

Orain, lanean atseden hartu eta barealdia gertu daukalako zerbait irakurtzea gustatuko litzaiokeela esan zidan. Ohitura aldatzeko tenorea iritsi zaiola uste duela eta paperera lotuko duen zerbaiten bila ari dela. Hainbat liburu hasi eta 50. orrialdera iritsi aurretik jarraitzeko gogoa galtzen duela esan dit.

Azken aldian hasi dituen liburuen artean, euskaraz bat ere ez. Korapilotsuegiak direla esan dit, atzeraka egiten diotela. Beraz, aurten dagoeneko euskaraz argitaratu diren eleberri, saiakera, antzerki eta poesiazko hogeina libururen zerrenda prestatu diot. Papera kordel batekin lotuko dut, ikus dezan, zeinen erraza den korapiloa askatzea.

Geuria aldizkarirako idatzitako artikulua

Amaren izena jarri zio­ten. Gabonetan ai­tak aitaginarreben mahaian urtero errepikatu legez «zure ama baino emakume ke­mentsuagorik ez dago munduan» eta. Emozionalki ondo hezia eta indartsua da Elena. Sekula ito ez duten koherenteki eraikitako hamaika kontraesanetan igerian bizi da. Orain, ipurdia hotz eta hankak ditu zabalik. Aurrenekoz, bere barnean igerian ari dena ito nahi du. 35 urteko ikasketa pro­zesua bizi izanak, erabakia kolo­kan jarri du: «Nire edo gurea da momentua?».

Hamar urtez bidaide duen Imanol maite du; laguna, konpli­ze pasionatua, familia. Nagore ere maite du. Zenbait ostiraletan elka­rrekin afaltzen dutenean dituzten elkarrizketak. Gauak bat egiten dituenean. Larunbat arratsaldean Imanolekin etxera bueltatu, eta sentitzen duen pieza guztien aho­katzea maite du baita ere. Haus­narketa saio luzeak, lanaldiak, borrokak, sareak, harremanak. In­tentsitatea frekuentzia berdinean mantenduko du. Isiluneak ez du etenik izango, momentuan aho itxita dagoen bezala. Lo.

 

Amak jakin zuenetik zalapar­ta eragin zuen etxean: «Ez diot zure aitari esango, guk konpon­duko dugu». Hogei urte zituen, idazkaritza ikasketak amaitu berri eta hartutako erabaki bat. Telefo­no dei batekin egin zuen amak hitzordua eta herriko aldapetan barrena bidali alaba. Atso batek zabaldu zizkion atea eta hankak. Gomak, gazak, metalezko tresnak eta plastikoa ipurdi azpian. Han­kak itxi zituen. Indarra egin zuten; batak zabaltzeko, besteak ixteko.

Karrerako azkenengo urtean zegoen Javi. 80ko hamarkada­ko krisiaren zartakoak elkarre­kin hartuko zituzten; borrokarik gabe, bizitzak ez du fruitu gozorik eskaintzen.

Etxeko giltzak sarreran askatu eta bere gelan sartu zen. Javi por­talean zain. Lau jertse eta bi pra­kekin betetako poltsaren itxie­rarekin batera agertu zen ama. Atearen atalasean jarrita; oin bat familia argazkiz betetako korrido­rean, bestea etorkizunaren hazia gordetzen zuen gelan.

– Konpondu duzu, Elena?
– Bai.

 

 

Geuria.eus aldizkarirako idatzitako testua