Zaila da egunero irensten zaituzten letrak burutik kentzea.

2014ean telebistak ikusten hasi nintzen. Etengabe, ezustean.
Argazkietan bildu nituen begiradak baldintza jakin batzuen arabera:

 

  1. Telefonoarekin egin dira.
  2. Saiakera bakarrean egin dira.
  3. Argazki originalak dira, moldaketarik gabeak.

 

Izan ere, oro har,  telebista saio bati moldaezina den aukera bakarra eskaintzen diogu bere inguruko iritzia  garatu aurretik.

2015-04-15 17.04.132015-05-20 16.57.372015-05-22 01.12.21-12015-09-17 00.58.272015-10-22 18.45.432015-10-27 09.16.222015-11-10 09.05.412015-11-17 10.22.482015-11-20 00.29.182015-11-29 17.06.142015-12-09 13.53.552016-02-02 21.39.032016-02-18 17.45.422016-02-18 17.54.18

2016-02-23 18.51.52

Argazkia: Aritz Galarraga

2016-02-23 21.26.39

Argazkia: Peru Iparragirre

2016-02-23 21.26.46

Argazkia: Urtzi Urkizu

2016-02-23 21.26.50

Argazkia: Urtzi Urkizu

2016-02-23 21.27.01

 

Ama, Aita eta Oier.
Bea Umbón eta Izaskun Ibarguen.
Jon Villapun.
Peru Iparragirre.
Saioa Baleztena.
Bilboko kuadrilla.
Donostiako lagunak.
Egiako Refuqueers familia. 

BERRIA egunkaria eta Ekografiak lantaldeko bidaideak. 

2016-02-29 18.19.14

Irribarre bat asko da.

Eskerrik asko,
bihotz-bihotzez,
bidean aurrera elkarrekin egiteagatik.

[iradokizuna irakurketarekin batera entzuteko hemen]

Ixoneri hortz bat erortzen zitzaion bakoitzean, Pérez arratoitxoak txokolatezko txanponak erregalatzen zizkion. Aitak aaaasko zirela esaten zion eta horregatik baten bat berari emateko eskatzen zion. Nebak barre egiten zuen ‘hortzik gabe nola jango duzu txokolatea?’ zirikatzeko xedearekin txeratsu esaten zionean, Ixonek amorratuta ‘denak jango ditut!’ oihukatzen ziolako. Izorratzeko egiten zuen, egia esan, txokolatezko txanponen zaporea ez baitzuen bereziki atsegin. Amak, inuxenteki, bazkal aurretik tentazioan ez erortzeko agintzen zion, bestela platera hustu ezin izango zuelako. Haatik, txanponekin edo gabe Ixonek ez zuen sekula platera garbi uzten, gaur egun egiten duen modu berdinean. Dagoeneko aitak ez dizkio txokolatezko txanponak partekatzeko eskatzen, nahiz eta Ixoneri hortzak eroriko balitzaizkio gustu handiarekin arratoiak ekarritako denak emango lizkiokeen. Helduak diren arren, umea bailitzan babesten duen nebarekin duen lotura estuak ez du ezkortasunik ulertzen. Amarekin trukatzen dituen begi elkarrizketetan, bi emakumek ikusten dute elkar. Orain txanponak ez dira txokolatezkoak; buruhauste, desesperazio eta esfortsu zaporea dute. Transakziorako erabiltzen ditu: alokairua ordaintzeko, elikatzeko, janzteko, zinemako sarrera erosteko, liburuak lortu eta kontzertuetara joateko. Ez du zoriona bere definizio utopikoenean ezagutu, badaki ordea zer den oreka. Eta ezin du irudikatu ondo izate hori baino egoera perfektuagorik. Baina patuak, alde batean zein bestean, ustekabean uzten ditu zamak eta ordenatu bitartean, erortzeko bezala altxatzeko ere, kemenak egin behar du lana.

Ixone gaixotu egin da. Ezjakina den arrazoiren batek zentzumen bat lapurtzen ari zaio. Entzumenarekin batera, berezibikoa duena mundua ulertzeko, bere bizitzan odola bezain oinarrizkoa duen ikusmena. Hilabeteak eman ditu gustuko dituen afizioetaz gozatzeko metodo berriak deskubritzen, hots, bere gorputza egoera berrian ezagutzen. Eta lehen zuen gorputza herdoildu dela konturatzen denean, Ixonek negar egiten du arnasa hartu ahal izateko. Ingurukoek ordea ez dute onartu nahi eta ‘dena ondo joango da’ kalamua kontsumitzen hasi dira. ‘Nola azaltzen ahal zaio maite zaituenari gauza txarrak ez zaizkiola ‘jendeari’ gertatzen, guri gertatzen zaizkigula, alegia, jendeari’ galdetzen dio bere buruari. Ixone hauskorra dela ikasten ari da eta onartu du; kartesianoki esanda, bere gorputzak eta bere arimak bide bereiziak hartu dituztela.

Egoera berriak ematen dizkio ezusteko harrigarriak eta lantzean behin barregarriak. Letrak lehen ez bezala dantzan ikus ditzake, batez ere puntu eta koma eskasak erabiltzen dituzten autoreen idatzietan. Antzeko koloredun formak non hasi eta bukatzen diren ez dauka oso argi eta horri esker, ezpondak, eskailerak eta tankerako garaiera aldeak bereizteko arazoa dauka. Alde baikorra ikusten dio gaixotasunari, arrazoi honengatik estropezu egin edo lurrera erortzen denean, norbaitek barre egiten duenean, umore ona oso kontu garrantzitsu eta serioa dela baitaki. Bi begiak klisklatzen ikasi du, eskuekin trekkie agurra egiten ikasi zuenetik, gainditzeke zuen asignatura. Ez da sekula bakarrik sentitzen, inguruan dantzan hamaika izaki zeharrargitsu ikusten dituelako. Bera ondo sentitzen da.

Medikuek pazientzia izan dezala eskatu diote Ixoneri, saiatuko direla apurtutako pieza konpontzen. Horretarako Jack ‘The Ripper’-en tailer harategiaren antza duten gela zurietara deitzen dute. Drakula hiru hilabetez elikatzeko adina odol atera diote, kotxeen artean ez ezik, hodi, botila eta pipetetan pixa egiteko eskatu diote inolako isun barik, Marion Cotillard bailitzan lehenengo plano argazki sorta egin diote pose ezberdinetan eta ziztako berba, ‘txistako’ hitzetik berak nahi baino urrunago dagoela jakin du eta ziztada + zaplasteko hitzen elkarketa ez ortodoxotik hurbilegi.

Horietako bakoitzetik irtetzen denean, amak txokolatezko txanpon bat ematen dio. Dagoeneko Ixonek badaki arratoia gurasoak direla, baina amak oraindik ez du Ixonek txanponekin zuen harreman haur eta korapilotsuaren berririk. Ixonek irribarre zabal batekin ahoan sartzen du azukre puska, osasuntsu zegoenean ez bezala, orain badelako gai ikusteko lehen ikusi ezin zuena.

Amamak ez ditu besoak luzatzen,
nik besarkatu egiten dut.
Adarrak hazita dituen enborra bezala
tente, geldi, esperoan geratzen da.
Eta orduan izoztu zaion bihotza
nire begietan urtu egiten da.
Tentuz ibiltzen naiz,
beso artean dudan hauts grisa
ez dezaten tantek busti
eta behin betiko zementu bihurtu.

idazten ari nintzen irakurketaren azken orrialdeetan Kontxita hurbildu zitzaidanean.

– Inporta dizu zure ondoan jartzen banaiz?
– 
Ez, noski.

Aurreko lerroak ikusita, ez nengoen 92 urteko emakume bati ezetz esateko tenorean.

– Egun ederra gaurkoa, ez duzu uste?
–    Bai, aspaldiko partez eguzkiak berotzen du eta ezin hobeto gaude hemen.
– Bai horixe. Pasieran irten naiz gaur. Boulevard-eko kafetegietara heldu nahi nuen. Gizona hil egin da eta aspaldiko garaiak oroitzeko beharra nuen.
–    Sentitzen dut. Hamaika oroitzapenek goibelduko zaituzte orain.
– Bai, goibeltzen naute, bai. Baina bizitza luzea izan dut; 92 urte ditut. Kontu askori egin behar izan diet aurre. Zuk zenbat urte dituzu?
–    27
– Gazteagoa zinela pentsatu dut. Adin polita zurea sustraiak hazten uzteko, egin al duzu?
–    Ez, oraindik ez.
– Zoriona duzu aurpegian, eraztunetarako ez izan prisarik. Bidaiatzea gustatzen zaizu? Guk atsegin handiz egiten genuen… hortik hona, hemendik hara… en fin.
–    Bai, biziki maite dut bidaiatzea.
– Ez sekula galdu gauza berriak ikasi eta ikusteko aukera, entzun? Bestela damutuko zaizu, egin kasu. Bizirik egoten ikas ezazu. Egingo duzu?
–    Saiatuko naiz (klisk)
– 24 urte nituenean ezkondu nintzen. Nafarroakoa naiz baina gizona Donostiarra zen. Lan egitera etorri nintzen. Jostuna nintzen. Gizonentzako trajeak eta beste hainbat arropa egiten nituen. Donostiako sastreriarik eleganteenean lan egiten nuen; ‘Idiakez’en. Gizon aberatsak eta dotoreak etortzen ziren. Gero ia, ezkondu egin nintzenean lana utzi behar izan nuen, badakizu, emakume ezkonduaren bizitza zer zen orduan; etxea, senarra eta alabak. Poz handiarekin betetzen nuen nire beharra. Beste garai batzuk. Nongoa zarela esan didazu?
–    Ez, ez dizut esan. Basaurikoa naiz, Bilbo ingurukoa.
– A, ez zarela Donostiarra! Baina nirekin bat egingo duzu, Donostia Bilbo baino politagoa dela.
–    Esango nuke edertasunak ez duela bestelako garrantzirik gustura bizitzearekin alderatuta.
– Horretan ez dizut kontra egingo. Ni Erronkarikoa naiz. Oso ederra, baina hemen gustura bizi naiz. Bi alaba izan ditut Donostian. Gazteenari nire izena eman nion;’Kontxita’. Nire alaba batek nire izena izan zezala ilusioa egiten zidan. Hil zitzaidan. Bi alaba izan zituen berak eta kanpoan bizi dira. Hain zen maitagarria nire Kontxita! Ez nire alaba zelako, e? Jendeak esaten zidan hiletan emakume ona zela. Baina ona-ona, gardena, eskuzabala. Pena handia daukat.
–    Ulertu ezin dezakedan mina, sentitzen dut.
– Orain beste alabarekin bizi naiz. Dibortziatua. Bakarrik geratu naizenez bere etxera joan nadin agindu dit. Nagusiegia naiz. Baina ondo nago, ez duzu uste?
–    Nik esango nuke oso ondo zaudela Kontxita.
– Kar-kar. Ez dizut uzten zurean jarrai dezazun. Baina badakizu zer? Egun osoa daramat bakarrik eta pasiatzen eta bakarrik eta… norbaitekin egoteko gogoa neukan. Hitz egitekoa.
–    Primeran deritzot. Eta badakizu zer? Plazerra da niretzat kontatu nahi didazuna entzutea.
– Ederra zara, sarritan esango zizuten. Eta esan ez badizute ere sinestu ezazu, sarritan ez baitakigu garena maitatzen.

Luze eta sakon jarraitu zuen elkarrizketak. Zeharo hunkitu ninduen Kontxitak. Hainbeste, asteburuko bisitan kontatu nuen lehena izan zela.

  • Amamaren absentzia sentitzen hasi zara.
  • Ama, zer diozu? Amama aurrean jarrita daukat eta, baietz amama?
  • Bai.

Hilda egon arren,
gorputzez bizirik dagoena
maite duenarentzat.

Pare bat metroko
                                                                                                                                kirrudun
                                                                                     beltzaran
                                 

z                                                          lotsatia


Adimen asegaitz, ironia irakasl
z                             E
Gustura zituen lagunak  n                            A H A Z T U K O
‘Maitasuna’ deitu Bartzelon                          z        A 
borrokari dio minbiz                                   z           I
Gorpuak hogeita hamabos                                  T
Erregute atsekabet                                       z         U
Zergatik zu lagun gazt                                  z         E           (?)
Zinen argi da itza                                          z         L
Baina jakizula etorkizun                                z         A           (k)

zzzzzzzzzzzzzzzzzMarzana tabernako                                                           Hitzek ezpainetatik
zzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzeskaileran jarrita                                   alde egitean
zzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzkafea hotz         mingaina lehor
zzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzgeratzen zaio,
zzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzsolaserako baino            musu ematera
zzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzzbizitzeko kemena                                      noiz ausartuko
zzzzzzzzzzzzzzzzzfalta zaiolako.                                                                   esperoan dago.

Barrua kiskali eta ke bihurtu zaitu, minik ematen ez duen minak. Astindutakoa errauts gris leun zikinez hautseztatzen duzu. Feromonadun lurrinak erakarrita zureganatzen dituzunak, errai ustel erre usaia pituitarian itsatsita eramango dute ihesean korrituz. 
Jeiki behar zaren guztietan, txikiagoa. Zapata hauek ez dira zureak, ez dira inoiz izan baina politak iruditzen zaizkizulako jartzen dituzu, zureak propioak askoz ederragoak diren arren. 

Egiten duzu oinez.

 

XXXXXXXXXXXXXXXXOinez.
XXXXXXXXXXXXXXXXXXXXOinez.
XXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXOinez.
XXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXOinez.
XXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXOinez.
XXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXXOinez. 

 

 
Ibilian lurra txikitu. Lurrak zu txikitzen zaituen lez.
Zatitu, murtxikatu, irentsi, liseritu eta kaka bihurtuta bota zaitu.                         
Ibilian lurra txikitu. Lurrak zu txikitzen zaituen lez.

Oinez.
XXXXXXXXOinez.
xxxxxOinez.
xxxxOinez.
XXXXXXXXXXXXXXXXccccccOinez.
ccccOinez.

OIN EZ


Umore onez zaudenean aldaken kulunka zorabiagarria eta oinak kanpora daramatzazu. Hirugarren posiziotik  grand jeté-a ustekabean egiteko gogorik ez duzu falta. Baina, ez duzu egiten. Goibel zaudenean ordea bizkarrak aurrera egiten dizu sorbaldek burua ezkutatu nahi baitute, baina ez da modurik. Kalean begiak itxi eta pauso pare bat aurrera eman dituzu inoiz. Zabaltzean filmeetako puntu beltzek adierazi bezala, inork pelikula aldatu behar duela ulertu eta zure errealitatetik atera zaitzala desiratuta.

Jarraitzen duzu oinez.


Oinez. Oinez. Oinez. Oinez. Oinez. Oinez.
Ibilian lurra txikitu. Lurrak zu txikitzen zaituen lez.
Zatitu, murtxikatu, irentsi, liseritu eta kaka bihurtuta bota zaitu.                              
Ibilian lurra txikitu. Lurrak zu txikitzen zaituen lez.
Oinez. Oinez. Oinez. Oinez. Oinez. Oinez. Oinez. 

 

 


CMYK dio baina eskuetan arrasto beltza agertzen da. Ez zara fidatzen. Semaforoek txio egiten dutenean bezala. Zebra bideak txuri-beltzak dira batzuk argitasuna pauso sendoekin garaitu dezaten beste batzuk putzu ilun umeletan aurrera egin behar dutelako beste aldea errautsez betetzeko. Amaitzeko modua hasiera den bezala hastekoa da amaiera. Hustu zaituzten edo hustuta zinen ez duzu gogoratzen. 

Haizea.
Keak sortutako errautsan dagoen heriotzak irakasten du bizirik irauten.

Donostian, 2021eko urriaren 12an.

Itzulera da zailena.

Pasaportea berritzeko V1H txanda egokitu zait. Hegazkin istripuan hiltzeak beldur handia sortzen dit. Hiltzeak oro har. Irria atera dit paperak. Funtzionarioak pasaporte zaharra eta 30 euro eskatu dizkit derrigorrezko dokumentua egitearen truke, baina, 20 euro ditut. Ezetz ez duela txartelarekin ordaintzekoa. Covid garaian ere ez, serio? Eta tipoak ezetz, ulertzen duela faena, itzultzeko beste egun batean. Bizum erabiltzen baduzu nik ordainduko dizut, esan dit Begoñak. Ez nau ezagutzen. Alboko eserlekutik Nola utziko zaitut horrela? Dio. Keinu horrek baimenduko dit epe barruan eta legalki Munduko Plazan saioko lehenengo bidaia egitea.

Lehenengo geldialdia Polonia. Frankfurten konexioa egin dugu. Aurrerantzean horrela izango da beti; Bilbo – Frankfurt- X- Frankfurt – X – Frankfurt- Bilbo. Guztira, hiru bidaia luze. Bi herrialde bidaia bakoitzeko. Hamalau egun inguru kanpoan, astebete etxean, berriz ere hamalau egun kanpoan, astebete etxean eta azken hamalau egunak kanpoan. Bi hilabetez bidaiatu gara; maiatza eta ekaina. Ezin Basaurira edo Bilbora joan familia eta lagunak bisitatzera, baina, posible dut Queretarako El Faro Kantinan la prodigiosa txupitoa edan. Zoroa. Badut nire pribilegioen kontzientzia zeharkatzen nauten biolentzien beste. Orain, pandemia garaian, bidaiatu ahal izateak irrika eta ezinegona sortzen dizkit. Ardura handia sentitzen dut. Familia eta lagunei argazkiak bidaltzen dizkiet, bideoak, ahots mezuak, ilusio apur bat. Zenbatek nahiko luke nire azalean egon, zenbatek beharko luke bidaiatu ilusioa berreskuratzeko.

Aireportuak hutsik daude eta stop motion balitz legez, hemezortzi hegaldietan zehar horiek betetzen doaz. Frankfurteko lasterbideak eta langileak ezagunak zaizkigu. Polonia, Mexiko, Turkia, Grezia, Austria eta Portugalek pandemiaren aurrean hartu duten jarreraren eragina ezagutu dugu. Testigantzak. Gizartearen tenperatura. Neurriak.

Joder, zeinen pribilegiodunak garen una historikoa munduan zehar bizi ahal izateagatik.

Erori dira saioak herrialdeak itxi dituztelako edo berrogeialdiak ezarri. Epeak ditugu betetzeko, berrogeialdietarako tarterik ez. Erori dena altxatu behar da, arin lan egin behar da, arin prestatu behar dira saioak. Malabareak. Txertorik gabe bidaiatu gara kutsatze tasak gora eta behera ari direla. Ez ditut gurasoak ikusi saioa grabatu bitartean, badezpada. Malkoa darie dei bakoitzean, eta ulertzen dut. Musukoak, segurtasun distantzia eta aire librea. Taldekide bakoitzak gela propioa du hotelean beharrezkoa balitz isolatu ahal izateko. Produkzioko lantaldeak aseguruak kudeatu ditu eta protokoloa jarri digute gaixotuz gero egin beharrekoekin.
Beldur naiz Mexikon kutsatu eta bertan berrogeialdia isolatuta egin behar badut. -Baina hau laostia da.-
Beldur handiagoa ematen dit hegazkin istripu batek.
Beldurrik handiena kamera aurrean jartzeko kapaza ez izateak sentiarazten dit.
Beldur nagusi eta zentrala beldurra bera da, horren ondorioz zerbait egiteari utzi ahal diodala pentsatzen dudanean.

Material berekoak garela dirudi, lantaldearen piezak bikain ahokatu dira. Elkar orekatzen gara, zaindu, indartu, animatu, ulertu.
Ondo ari zara.
Guay joan da, ez?
Beste planito bat hemendik, va?
Mesedez, jarri hor.
Está más quemau que la pipa de un indio.
A ver, ez dut ondo entzuten.
Zu trankil.
Hartu kamera hemendik.
Mikroaren kablea zuk pasatu.
Zelako pena martxa hartuta daukagula denboraldia amaitu behar izatea.
Venga, euria egingo duela.
Erakutsiko dizut planoa?
Pasa faja, joango naiz jartzen.
Zelan egin dozue lo?
Non daude segurtasun uhalak? Ez, hemen ez dira beharrezkoak (Furgoan)
Jo, ekipo, ze ondo, benetan.

Horregatik izan da posible Munduko Plazan. Oso humanoa eta eraginkorra da pertsonen konbinazioa lantaldean, eta oso humanoak dira parte hartzaileak ere. Esku zabalak, euren bizitzako pasarteak kamera aurrean (eta atzean) partekatzeko kapazak. Zenbat bizi errelato, zenbat esperientzia, zenbat estimulu. Eskola handi bat da Munduko Plazan, artistikoa, emozionala, krudela eta telebisiboa.

Beste plano batean, ilunagoa, eskuzabalagoa eta pertsonalagoa, niretzat zailena ez da proiektua egitea izan, zailena mamuak uxatzea da. Biolentzia patriarkala hegazkin fobia baino beldurgarriagoa da. Ez da gaurko kontua, pisua gorputzean nirekin etorri da. Elur bola bat bezala pilatu dira hitzak urteetan zehar, eta indarra trebatu behar da emozionalki lurrera botatzen zaituzten bakoitzean altxatu ahal izateko. Hasieran ikusezina egiten zitzaidan; kontratu txikiak, lan banatze irregularrak, lana izango duzun edo ez, alegia, jateko izan duzun edo ez aukeratu dezaketen pertsonen boterea, ez jakintasuna, ordaintzen ez diren kolaborazioak, berehalako erantzuna behar duten proposamenak, edozein kanaletatik heltzen zaizkizun mezuak lana eskaintzeko diruaz txintik aipatu gabe… kemena bildu behar da, bidea jarraitzeko edo egiten ari zarena bidea dela sikiera ulertzeko. Iritzi emaileek ere ez dute betarik galtzen, askotarikoak esan dizkidate urteetan zehar:

Zuk nahi duzuna argazkian ateratzea da.
Liburua noizko?
Emakume ederrei egiten diete proposamena.
Zenbat urte dituzu? Ez nekien horren zaharra zinenik.(Honi Mariluz Estebanek primerako ahozulo itxiera oparitu zion: urteak beharko zituen ba, egin dituen gauza guztiak egin ahal izateko.)
Telebistarik ez duzu egingo ya, ezta? Zu ya emakumetuta zaude!
Nola daramazu promesa bat izan izana, edo zurekiko nolabaiteko espektatibak zeudela jakitea, eta inora heldu ez izanak?

Testuinguruaren arabera irudi edo argazki bat ere izan daiteke biolentzia modu bat.
Testuinguruaren arabera isiltasuna ere izan daiteke biolentzia modu bat.

Eta beste hamaika kontu gehiago, orain ez daukadan frekuentzian bibratzeko eskatzen dizkidatenak. Askotan ezustean harrapatu nau, batez ere, ustezko gertuko ingurutik etorri denean.

Bidean ez dago zorterik, sekula ez da zorte kontua. Inguru abegikorra sortu, zaintza praktikatu, autokritika egin, biktimismoak irentsi, indartsu mantendu eta lan emozionala eskatzen dit biolentziari aurre egiteak, besteak beste. Beti erne, beti lasai. Karga guzti hori kamera baten aurrean jartzen naizenean daukat, beste hainbat emakumek bezala.

Eskerrik asko proiektu eder honen parte izateko opariagatik.
Eskerrik asko Begira Produkzioei, lantaldeari.
Eskerrik asko izan dugun harreragatik. Beroa izan da eta maitasunezko hitzez betea. Bortizki flipatzekoa. Eskerrak eman nahi dizkizuet bihotzez astero-astero saioa ikusi duzuen guztioi; zuzenean ostegunetan aparatuaren aurrean paratu zaretenoi, telebistan grabatu ondoren ikusi duzuenoi edo nahierarekin borrokatu zaretenoi ikusi ahal izateko. Saio guztietan ez bada, baten batean gurekin bidaiatzeko gogoa izan duzuenoi ere.
Esker bereziak, ilusioz bete nauelako honek, ETB1 ikusteko ohiturarik ez daukazuenoi eta Munduko Plazan ikusi duzuenoi, are gehiago guri idazteko tartea hartzeagatik. Are gehiago, horietatik batzuk, beldurrik gabe zuen euskara maila erakusteagatik. Jo-der, begia bete didazue.Uste nuen, Euskal Herrian jendeak ez zuela feedbackik ematen eta ikaragarria izan da kontrakoaz jabetzea. Ezin zenbatu jaso ditu(dan)(gun) mezu guztiak, animoak emateko, zoriontzeko eta hobekuntzak egiteko, biziki eskertzen dizkie(t)(gu).

Hasieran esan dut, itzulera da zailena.

Zuekin edonora, ekipo.

Martxel Mariskalen (1964, Hondarribia) sortzaile ibilbidea gizatasunaren
aldarrikapenetik jaiotako hitzek lotzen dute. Iristen somatu ez zuen gaixotasun batek oinazean murgildu zuen arren, haria ez da sekula eten. Beti Mugan eta Lisabö musika taldeen kantuetan, besteak beste, zein Me llamo Ezequiel y así será siempre liburuan (2001, Hiru) aurkituko dituzu bere hitzak.

Hitzak al dira sorkuntzaren oinarria?
Niretzat bai. Betidanik idatzi izan dut. Bost anai-arreba gara, eta idazten nuena erakusteak lotsa ematen zidanez, ezkutuan egiten nuen. Txikitan musika gailentzen zen gure etxean; bi arrebek pianoa jotzen zuten. Ni ez nintzen musikan serio murgildu hemezortzi urte inguru izan nituen arte.

Institutu garaian, beraz.
Musika mugimenduak eztanda egin aurretik, Hondarribiko institutuan elkar ezagutu genuen gerora elkarlanean aritu ginen hainbat lagunek. Kortatu sortu baino lehen, Desband izeneko taldea zuten Iñigo Muguruzak eta Beti Muganen joko zuten Xabi Lópezek eta Javi Álvarezek. Beste lagun batekin joaten nintzen beren ensaioetara; orduan hasi nintzen abestien hitzak idazten.

Orduan eten behar izan zenuen musika ibilbidea atzerrira ikastera joateko?
21 urte nituela joan nintzen atzerrira. Atletismoan eta futbolean aritzen nintzen, eta kirolari esker beka bat lortu nuen. Hiru hilabeteko kontua izan behar zuena luzatu egin zen, eta karrera osoa egin nuen AEBetan. Nire literatur zaletasunak zein ekoizpenak han izan zuten eztandarik handiena. Niretzat hain garrantzitsua izan den Beat Generation literatur mugimenduak ikuspegia asko zabaldu zidan. Bizi esperientzia handia izan zen niretzat.

Bizitzak esperientzia garratzagoa zuen zain zure itzuleran.
25–26 urte nituela bueltatu nintzen. Aita gaixorik zegoen, eta bagenekien hilko zela. Irakaskuntzan topatu nuen lana: aurrena Arrasaten, ondoren Hondarribia inguruan. Orduan hasi zen Beti Mugan.

Nola sortu zen Beti Mugan?
Irunen Javi eta Xabi azken honen etxean elkartzen ziren, eta ni baxuarekin joaten hasi nintzen. Aldi berean, Ramon bateria-jotzaileak eta Koldok, beste gitarra-jotzaileak, nire anaia gazteenarekin punka jotzen zuten. Nire anaia Ze Arraio taldera joan zen eta besteok batu eta Beti Mugan sortu genuen. Jarraian batu zitzaigun Nagore Santamaría abeslari bezala, eta bere lehengusuak ere hainbat kantutan ahotsa jarri zuen. Digitalizazioa sartzen ari zen garaian maketa egin genuen. Oso azkar gertatu zen dena.

Nolakoa zen Beti Mugan taldearen sorkuntza prozesua?
Lokalera joan eta jo, jo eta jo. Batzuetan testuak eramaten nituen, eta beste zenbaitetan musika sortzen genuen aurrena. Nik ez dut nire burua musikaritzat hartzen, baina argi daukat, ordea, benetako musikariak genituela taldean. Azken batean, talde lan handia zegoen atzean.

Zergatik amaitu zen Beti Mugan?
Hasi zen bezala, oso modu naturalean eta lagunartekoan. Edo modu profesionalagoan hartzen genuen edo utzi egiten genuen. Alde batetik, proiektuak hartutako bolumena gure kasa kudeatzea zaila zen, eta bestetik, iritzi ezberdinak genituen hartu beharreko bideari zegokionez. Momenturik hoberenean utzi genuela argi daukat. Edozein sormen prozesuren baitan disfrutatzea oinarrizkoa da. Ez baduzu disfrutatzen, gainontzeko guztiak indarra galtzen du.

Zein da garai hartaz duzun oroitzapena?
Dena oso intentsoa zen. Maketa grabatzen ari ginela aita hil zitzaigun (isilik geratu da). Hilabete batzuetara Nagoreren aita hil egin zuten Donostiako alde zaharrean. Baina era berean ilusio handiarekin nintzen Euskal Herrian ordura arte egin ez zena egiten ari ginelako. Indar handia zuen Euskal Rock Erradikala etiketarekin izendatutakoak, eta gu ez ginen hor sartzen. Askatasunez egiten genuen euskaraz zein ingelesez, aldiz, gaztelaniaz inoiz ez zaizkit kanten hitzak atera.

Beti Muganen ondoren, Zura sortu zenuten.
Bai. Xabi Strubellek zerbait ezberdina egiteko gogorik ote nuen galdetu zidan, ea nire letrei ahotsa jarri nahi nien. Asko gustatzen zait speaking words estiloa, eta lanean hasi ginen. Xabi oso musikari ona da; bi gauzatxorekin hitzak egiteko aproposa den giroa sortzen du.

2000. urtearen bueltan izango zen hori, ezta? Garai bertsuan hasi zinen Lisabö taldearekin?
Bai, hor nonbait. 2001ean heldu zen Lisabö. Elkar ezagutzen genuen beraiek Irungo Mosku plaza inguruan ibiltzen zirelako, eta Beti Muganen kontzertuetara etortzen ziren. Lisaböri eskaini zioten udaberri hartan Donostian antolatu zituzten ekintzetako bat. Testu luze bat idazteko eskatu zidaten, eta hogei orrialdetako poema egin nuen: Egun bat nonnahi. Kontzertu berezia egin nahi genuen; lauzpabost minututako kantak izan beharrean, etenik gabe jo nahi genuen, intentsitatearekin jolastuz. Emanaldi bakarra izan zen. Dena den, bertso batzuk hartu eta kontzertu hura laburbiltzen zuen diskoa egin zuten Madrilgo Acuarela diskoetxerako. Hortik aurrera, tarteka, elkarrekin gauzak egiten hasi ginen.

Nola sortzen dituzu beste batek egindako musikarentzako hitzak?
Gustatzen zait taldea entzutea eta hitzak zertarako nahi dituzten ulertzea. Lisabören kasuan, euren irudikari eta sentikaria horren ondo ezagutzen ditut, nik zerbait idatzi eta beraiek horrekin jolastea erraza dela. Baina beste talde batek eskatzen badizkit, arretaz entzun behar dut musika. Agian metafora argiak eta hizkuntza denotatiboagoa erabiliko dut, baina Lisabörekin irekia da dena eta askatasunez mintza naiteke.

Askatasuna elkarrenganako konfiantzak dakar, edo taldeak sortzeko duen moduak?
Biek. Oso era irekian lan egiten dute; giro batetik hasi eta horrek funtzionatzen badu haziz joaten da. Zurrunbilo bat bezalakoa da, eta kiribil horretan barneratzen zoaz. Atmosferak lantzen dituzte.

Zergatik da Lisabören kasuan hain handia hitzen eta musikaren arteko sinbiosia?
Ondo diozu, niretzat sinbiosia erabatekoa baita. Emozioen aldetik, beraien musikak asko transmititzen dit. Hori da maite dudana. Inguruak elikatzen gaitu. Azken finean, elkar ondo ezagutzen dugun pertsonak gara bizipenak konpartitzen. Ez da batere erraza hitzetan azaltzea, eta era berean oso gauza sinplea da. Pertsonen arteko konexioa dago, eta horrek forma hartzen du hitzekin eta musikarekin.

Bizipenek sortze prozesua elikatzen dutela diozu. Erabat ezberdina da Beti Muganen bizi zenuen momentua eta Lisabörekin sortzen duzunetik bizi duzuna.
Bai, gaixotasunarekin daukadan egoerak baldintzatzen nau.

Kuriosoa da, izan ere, Lisabök egiten duen musika ez da espreski zuk entzun dezakezuna.
Hala da. Maite dut eta barnekoak askatzeko aukera paregabea ematen dit: pentsamenduak, emozioak, sentsazioak… Baina egia da, Lisabören musika zaila da niretzat.

Elkarrekin lanean jarraitzen duzue?
Geldiune batean daude, baina jarraitzen dugu elkarren berri izaten, eta gogotsu. Lisabörekin edozein momentutan zerbait sortu daitekela edo zerbait egon daitekeela badakizu, ezta? Kar, kar, kar.

Musika askatasunarekin alderatzen duzu. Baina, ez al da musika baino askatzaileagoa zure idatzietan azaltzen den emozioen abstrakzio horretan bizitzea?
Bai, hori da. Niretzat sormen prozesuak askatzaileak eta terapeutikoak dira. Formatuak berdin du. Eguneroko erritmoarekin apurtzen laguntzen digute: beldurrak, mugak eta bestelakoak. Prozesu horietan oso humanoa sentitzen naiz, eta eguneroko bizitzan hori ez da maiz gertatzen. Sortutakoak zabaltzen dituen komunikatzeko bide guztiak dira interesatzen zaizkidanak, pertsonen arteko hariak. Horrek norberaren gizatasunarekin harreman zuzena dauka. Hori hala dela ahazten duen gizarteak ez dauka etorkizunik.

Gizatasuna sentitzeko gaitasunarekin lotzen duzu, eta sentitzearen parte dira min fisikoa eta emozionala. Minetik baikortasuna loratzeko gaitasuna daukazu?
Bai. Minari esker zein hauskorrak garen ulertzen dugu. Horrek egiten gaitu gizaki, eta hori ez dugu sekula ahaztu behar. Apaltasuna beharrezkoa da, eta uste dut sortzaile askoren artean apaltasun falta handia dagoela. Minaren esperientzia bizi duen pertsona batek bere barrenean derrigor arakatzen du, mina bizi ez duenak baino askoz gehiago. Askoz ere kontzienteagoa da ingurukoetaz. Mina duzunean bizitzaren erritmoa geldiarazteko beharra daukazu, eta horrek begirada bat dakar, ez dakit sakonagoa den, baina bai errealagoa.

 

Heriotzari aurrez aurre begiratzen diozulako?
Bai, hala da. Hauskortasun horrekin lotuta dago. Azken finean, gizakion gorputzak funtzionatzea magikoa da; bizitza mirari hutsa da eta ez gara konturatzen.

Inoiz kartzela baten zaudela sentitu izan duzu?
Ez dakit kartzelaratua den hitza, baina nire bizitza, ezagutzen nuen bezala, moztu egin zela sentitu dut. Gainera, nahiz eta sendatzeko borondate guztia jarri, ez dago ezer egiterik. Niri organismoaren akats batek zera esan zidan: «Txikito, hemendik ez zara mugituko. Ea orain nola moldatzen zaren». Bizitza gorrotatzera heldu zaitezke. Ez da erraza. Egun asko dira geldirik, ordu asko, munduak bere bidea jarraitzen duen bitartean. Ezin duzu ezer egin, pazientzia eduki eta une hobeak iritsiko direla sinetsi besterik. Eta une hobeago horiek iristen direnean, aprobetxatzeko ahalegina egin.

Zer eragin izan du egoera horrek zure sormen prozesuan?
Apurka berriz ere martxan hasi naizen arren, buruan nituen hainbat gauza egiteko ezintasuna ekarri dit. Hala ere, sormen prozesuak oso terapeutikoak dira.
Askotan esan didate espreski horren gainean idatzi beharko nukeela, baina, alde batetik, goizegi dela sentitzen dut. Ez dut horren bila joan nahi, bera etortzen da nire bila egunero.

Alde batetik, Lisabörekin oholtza gainean nahi beste egotea galarazten dizu, baina bestetik, han taularatzen dena zurea ere bada. Arrakasta horrek inporta dizu?
Publikatu edo ez, arrakasta izan edo ez… beti jarraituko dut idazten. Denok daukagu egoa, eta ego hori neurtzen jakin egin behar da. Egoak talentua akatu dezake. Sortzen duzuna produktu bilakatzen da, eta horrekin kontu handia izan behar dugu.

Arrakasta bilatu egiten da ala bera dator?
Arrakasta dator. Eta nik uste dut batek lan handia egiten duenean iritsi behar duela. Gaur egun dena da produktuen sartu-irtena. Denboran irauten duten lanak dira baloratzen ditudanak.

Balioa aitortzeko modua denboran irautea bada, Me llamo Ezequiel y así será siempre zure lehen eleberriak baldintza hori betetzen du.

Uste dut literaturan zein beste alor artistiko guztietan humanoak egiten gaituzten gai unibertsalak badirela: heriotza, maitasuna… Eta konbentzituta nago nire eleberriak horregatik irauten duela. Nire harridurarako, ikusi dut nola Ezequiel-ek inoren bultzada interesaturik gabe, bere bidea egin duen, ni derrigorrean mugitu ezinik nengoen bitartean. Niretzat pertsona bakar batek liburua zabaldu eta zerbait transmititu diola jakitea kristorena da.

Egia esan, liburuak daukan sarea handia da, gehienbat ahoz aho eta eskuz esku pasa den liburu bat izateko.
Kontziente naiz, eta asko harritzen nau. Iaz, esate baterako, lagun batzuen kafetegian utzi nuen ale batzuekin kutxa bat. Ale bakoitza hiru eurotan saldu zen, eta bildutako dirua Cáritas elkarteari eman genion. Hiru kaxa saldu ziren, eta askotan esan didate: “Ekarri gehiago, Martxel!”. Handia da. Ez dut nigan pentsatzen, liburuko pertsonaiek mundu errealarekin sortzen dituzten loturetan baizik. Bi plano ezberdinetan elkarri gauzak esaten ari dira.

Zenbat denbora behar izan zenuen liburua idazteko?
Bi urtetan idatzi nuen. Nahi nuen lanpostua lortu nuen Bostonen, eta joatekoa nintzen. Aurretik, lagun batek irakurri zuen eta publikatu behar nuela esan zidan. Abuztuan Hondarribin liburu azoka egin zen, eta bertan argitaletxe bateko arduradunari eman nion idatzitakoa. Hurrengo egunean hegazkina hartu nuen, eta gero, argitaratu nahi zutela esateko idatzi zidaten. Oso azkar joan zen. Liburua oso era zintzoan idatzi nuen, eta uste dut egin beharreko ibilbidea ere zintzoa izan behar dela. Liburu horrekin ez dut dirurik irabazi, eta zorionez, liburuak bizirik dirau traba askoren ondoren.

Ezequiel liburua dendetara bueltatuko da?
Bai. Bueltatuko da, nik bakean geratu behar dudalako. Ezequiel ondo ikusteko beharra dut, edizio lan txukun batekin. Eta egin nahi ditudan hurrengo lanei eusteko, beharrezkoa dut.

Paperean, Gaztezulo aldizkarian

Irakurtzea sobera atsegin ez duela esan zidan lagunak aurrekoan. Ikastolan eta institutuan liburu bat edo beste gustura irakurri zuela, baina ordutik ez duela plazerez liburu bat eskuartean hartu. Gainera, oroitu zidan, garai hartan derrigortuta irakurtzen zuela, nahiz eta onartu, Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel umorezko eleberriarekin dezente barre egin zuela. «Petroleoa bilatu» metafora paregabea iruditzen zitzaion ahuspez dagoen mutilaren erekzioa deskribatzeko. Esan zuenez, liburu hura irakurri zuenean konturatu baitzen euskaraz lagunarteko gertuko hizkera erabiltzea posible zela.

Erekzioa aipatu zuela, gogoratu zuen Joxemari Iturralderen Lehen amodioa Suedian liburuarekin  masturbatu zela. Ordura arte ez zuela harreman sexualen inguruko testurik irakurri, eta askatzailea otu zitzaiola bere antzeko edadea zeukan norbaiten peripezia sexualen berri izateak. Lipar batez isildu eta beste irakurketa baten gomuta burura ekarrita, aitortu zidan ez zuela horren ondo pasa Jon Miranderen Haur besoetakoa irakurtzen. Alde batetik, erabilitako euskara zenbaitetan zaila egin zitzaiolako, eta besteetan, gizonaren eta haurraren arteko harremanak ezinegona sortu ziolako.

Obabakoak!, oihukatu zidan botepronton. Hizkuntzaren kontua dela-eta, Bernardo Atxagaren liburuak buruko mina eman ziola azaldu zidan. Haatik, hitz dezente azpimarratu zituela arkatzarekin eta etxean aspertuta zeukan 2000 hiztegiari astindu ederra eman behar izan ziola. Penaz esan zuen, klasean atal batzuk besterik ez genituela irakurri, eta tarteka orriak ezagutu zituela, denborarekin liburua amaitu zuen arte.

Orain, lanean atseden hartu eta barealdia gertu daukalako zerbait irakurtzea gustatuko litzaiokeela esan zidan. Ohitura aldatzeko tenorea iritsi zaiola uste duela eta paperera lotuko duen zerbaiten bila ari dela. Hainbat liburu hasi eta 50. orrialdera iritsi aurretik jarraitzeko gogoa galtzen duela esan dit.

Azken aldian hasi dituen liburuen artean, euskaraz bat ere ez. Korapilotsuegiak direla esan dit, atzeraka egiten diotela. Beraz, aurten dagoeneko euskaraz argitaratu diren eleberri, saiakera, antzerki eta poesiazko hogeina libururen zerrenda prestatu diot. Papera kordel batekin lotuko dut, ikus dezan, zeinen erraza den korapiloa askatzea.

Geuria aldizkarirako idatzitako artikulua

Amaren izena jarri zio­ten. Gabonetan ai­tak aitaginarreben mahaian urtero errepikatu legez «zure ama baino emakume ke­mentsuagorik ez dago munduan» eta. Emozionalki ondo hezia eta indartsua da Elena. Sekula ito ez duten koherenteki eraikitako hamaika kontraesanetan igerian bizi da. Orain, ipurdia hotz eta hankak ditu zabalik. Aurrenekoz, bere barnean igerian ari dena ito nahi du. 35 urteko ikasketa pro­zesua bizi izanak, erabakia kolo­kan jarri du: «Nire edo gurea da momentua?».

Hamar urtez bidaide duen Imanol maite du; laguna, konpli­ze pasionatua, familia. Nagore ere maite du. Zenbait ostiraletan elka­rrekin afaltzen dutenean dituzten elkarrizketak. Gauak bat egiten dituenean. Larunbat arratsaldean Imanolekin etxera bueltatu, eta sentitzen duen pieza guztien aho­katzea maite du baita ere. Haus­narketa saio luzeak, lanaldiak, borrokak, sareak, harremanak. In­tentsitatea frekuentzia berdinean mantenduko du. Isiluneak ez du etenik izango, momentuan aho itxita dagoen bezala. Lo.

 

Amak jakin zuenetik zalapar­ta eragin zuen etxean: «Ez diot zure aitari esango, guk konpon­duko dugu». Hogei urte zituen, idazkaritza ikasketak amaitu berri eta hartutako erabaki bat. Telefo­no dei batekin egin zuen amak hitzordua eta herriko aldapetan barrena bidali alaba. Atso batek zabaldu zizkion atea eta hankak. Gomak, gazak, metalezko tresnak eta plastikoa ipurdi azpian. Han­kak itxi zituen. Indarra egin zuten; batak zabaltzeko, besteak ixteko.

Karrerako azkenengo urtean zegoen Javi. 80ko hamarkada­ko krisiaren zartakoak elkarre­kin hartuko zituzten; borrokarik gabe, bizitzak ez du fruitu gozorik eskaintzen.

Etxeko giltzak sarreran askatu eta bere gelan sartu zen. Javi por­talean zain. Lau jertse eta bi pra­kekin betetako poltsaren itxie­rarekin batera agertu zen ama. Atearen atalasean jarrita; oin bat familia argazkiz betetako korrido­rean, bestea etorkizunaren hazia gordetzen zuen gelan.

– Konpondu duzu, Elena?
– Bai.

 

 

Geuria.eus aldizkarirako idatzitako testua

Iban Urizar (Elgoibar, 1975) maila goreneko musikaria da. Inprobisazioaren zaleamorratua, hamaika talde zein bakarlariekin kolaboratu du. Ibilbide luzea egin duen arren, lotsa puntu batekin aitortzen du alter egoen atzean erosoago oholtzeratzen dela bakarka. Horietan azkena Amorante da. Musikan hogei urte eman ondoren, hau da bere lehenengo elkarrizketa pertsonala.


Nola piztu zitzaizun musikarako grina?
Bederatzi urterekin hasi nintzen musika eskolan tronpeta jotzen, eta institutu garaia heldu zitzaidanean, Donostiara mugitu nintzen bertan ikasketa guztiak burutzeko. Egia esan, ez dakit zergatik aukeratu nuen instrumentu hori. Solfeo irakaslea tronpeta irakaslea zenez, 

Captura de pantalla 2015-02-10 a las 12.43.28

Argazkia: Unai Huizi

baliteke bere zaletasuna kutsatu izana. Gauzak zer diren, inoiz ez zaude ziur hautuek nora eramango zaituzten, eta begira non nagoen.

Zenbat instrumentu jotzen dituzu?
Eskuetan erortzen zaizkidanak jotzen saiatzen naiz. Horrek ez du esan nahi guztiak ondo jotzen ditudanik. Ongi jotzen dudana tronpeta da, baina saltseatu beste hamaikarekin: klarinetea, saxofoia, pianoa, gitarra…

Hamasei urte zenituela hasi zinen aurrenekoz musika talde batean jotzen.
Bai, Zokoan izeneko Elgoibarko talde batean. Ondoren, Zarauzko Frijoles taldean ibili nintzen, lagunak nituelako. Eta hurrengoa, han ere lagunak nituelako, Café Teatro izan zen.

Café Teatro izan da, agian, lehenengoetatik ezagunena. 
Bai, 1995 inguruan izango zen hori. Ni taldean sartu nintzenerako taldea osatuta zegoen. Kolaborazio batekin hasi behar zuena egonkortuz joan zen. Kanta batzuetarako frogak egin genituen, beraiek gustura zeuden, ni ere bai, eta horrela hasi zen dena. Hamar bat urtetako ibilbidea egin genuen batera. Eurek maketa eginda zeukaten aurretik, eta elkarrekin hiru bat disko egin genituen.

90eko hamarkada amaieratik musika esperimentalean erabat murgilduta zaude. Garai horretan kokatzen da Bizarra.Bizarra Mikel Etxegaraik eta biok bikotean genuen proiektua zen. Gauza asko probatu genituen, esperimentatzeko aukera handia eman zigun. Inoiz ez naiz sentitu musika estilo batera lotuta, erosoago sentitzen naiz inprobisatzen zerbait errepikakorra egiten baino. Musikan norberaren motxilak eratzen du diskurtso bat, are gehiago inprobisazioan. Ezagun eta ezezagunen artean egotea bezalakoa da: bi kasuetan ez duzu diskurtsoa modu berean eraikitzen. Batzutan saiatzen zara zure diskurtsoa inposatzen, beste batzutan gehiago txokoratzen zara. Inprobisazioak norbera nolakoa den oso ondo islatzen du.

Bizarran zenbiltzan garaian, esperimentaziotik at dagoen musika jo zenuen, esate baterako, Andrakan taldean. Hori izan zen gitarra hartu eta abestera animatu zintuen taldea? 
Beti gustatu izan zait abestiak konposatu eta kantatzea, nahiz eta hori ez izan nire gaitasunik finena. Otu zitzaidan, batez ere, herrian nituen lagunekin talde bat osatzea. Halaxe hasi zen Andrakan. Hiru bat urte iraun zituen, zazpi kantako grabazio bat egin genuen 2010ean eta kontzertu batzuk ere eman genituen.

Paraleloki, hogei urte daramatzazu Patxi Zabaletarekin Sinuose egitasmoa aurrera eramaten. Hori da inoiz izan dudan proiekturik finkoena. Oso proiektu berezia da, hasieratik orain arte. Inauteri batzuetan hasi ginen, urtean kontzertu bat emateko intentzioarekin. Mozorrotu eta set bat antolatzen genuen, urtero ezberdina, inprobisazio batzutatik ideiak hartuta, gai diferenteetan ardaztuta eta instalazio ezberdinak bilatuta. Adibidez, zinema mutua edo irratsaio musikatuak hartu ditugu oinarri. Azken finean, guri gustatzen zaigun musika horretaz mozorrotzea bezala da, aitzakia bat, saski-naski bat nahi dugun guztia egiteko.

Pantailarako musika ere egin duzu, esate baterako, Lander Garrorekin elkarlanean. Bi urte eman nituen Bartzelonan, musikologia doktoretza egiten, eta bertan ezagutu nuen Lander. Oso harreman ona egin genuen, musikaren inguruan asko solasten ginen. Euskal Herrira bueltan bere film labur batentzat musika egitea proposatu zidan. Horren ondoren, spot batzuk ere egin ditugu elkarrekin, eta aurtengo Bertsomovie lehiaketa irabazi dugu Maddalen Arzallusek, Landerrek eta hirurok. Oso konplizeak izan gara ibilbidean.

Moldaketen gizona zara, itzalean kokatzen dena.Bai, nire burua beti hor kokatu izan dut. Rafa Ruedarekin jo dut, Tapia, We Are Standard edota Napoka Iriarekin… Musikari bezala jende pila batekin lan egin dut. Adibidez, Xabier Erkizia duela hogei urtetatik ezagutzen dut, eta elkarrekin jotzen daramagu beste hainbeste denbora. Baina nahiko biolento sentitu izan naiz talde baten buru izan naizenean, eta orain ere, proiektu bat nik bakarrik defendatu behar izateak are biolentoago sentiarazten nau.

Horrela bada, ederrean sartu zara orain Amorante izanda. 
Bai, Amorante psikologoa baino merkeagoa iruditzen zait, kar, kar, kar. Andrakanen errautsetatik sortu da Amorante. Andrakanen nik konposatzen nituen abestiak, eta gero, denon artean janzten genituen. Bazeuden kanta batzuk taldean lekurik ez zutenak, eta hor geratu ziren. Ni bakarrik eszenatokira igotzeko ditudan konplexuei aurre egiteko sortu dut Amorante.

Kostatu zitzaizun Amorante izateko adorea biltzea?
Katarsi bat bezala ikusten dut. Hasieran kantak grabatu beste asmorik ez nuen, baina gero planteatu nuen taldean zuzenekora eramatea. Bitartean, Matadeixetik idatzi zidaten Bizarrak proiektua martxan ote genuen jakiteko, Maite Mursegorekin bolo bat egiteko. Momentu hartan geldituta genuen, eta nire buruari esan nion: “Zer arraio, bakarrik egingo dut”. Amorante eskaini nien, baietz esan zidaten, eta atzera bueltarik egiteko aukerarik ez neukanez, lehenengo boloa egin nuen.

GAZTEZULO aldizkarian elkarrizketa osoa

 

 

Ez dut esango egusenti guzti-guztiak zurekin ikusi nahi ditudanik.

 

[ ez dut esango, ez dut esango, ez dut esango]

 

 

Bakardadean atseginak dira baita ere. 

Gonbidatu zaitzaket batzuk ikustera eta ez zauden horietan, ikusi dudana kontatu.

[Edo ez]

Bonbillak.
Horiek bai.
Denak begiratuko nituzte zurekin.

Eta kandelak.
Karrak itsutu arte.

 

(Basauri, 2012)