“Esanen dute / hau /poesia / eztela,/ baina nik / esanen diet / poesia / mailu bat/ dela” idatzi zuen Gabriel Arestik. Bilbo Handian, gaur egun bere dekadentziaren onenean dagoen gure industriaren loramena ezagutu zuen poeta bilbotarrak. Arteak errebolta pizteko eta elikatzeko balio zuela uste zuen Arestik. Indar horren jakitun, euskal kulturari aurreko belaunaldiek egindako ekarpena ulertu eta horren parte izan ahal izateko euskalduntze prozesua hasi zuen 12 urte zituenean. Basauriarroi ez zaigu arrotz egiten Arestirena bezalako biografia soziolinguistikoa, baina badirudi ordea, sorkuntza artistikoaren balio iraultzailea ahaztu dugula.

Michel Foucaulten pentsamenduan tokia dute politika eta gizakiaren arteko erlazioek; bi kontzeptuen horien arteko nahasketari biopolitika esan zien. Bere aburuz, botereak ez du soilik gizartea kontrolatzen ideologia eta kontzientziaren bitartez. Botereak gizabanakoen gorputzetan eragina dauka, esate baterako, medikuntzaren bitartez zein lotsa sentitzen dugunean zenbait keinu fisiko egiteko. Gainera, gorputza gorputzarekin kontrolatzen da baita ere, esate baterako, botere betearazleak zenbaitetan erabiltzen duen indarkeria fisikoarekin.

Bada, gorputzaren mugimenduek badute uste duguna baino botere handiagoa bizi dugun egoera sozioekonomiko zapaltzaile honi aurre egin ahal izateko. Mugimenduen gainean ari naizenean, muga fisiko eta emozionalak apurtzeaz ari naiz, maila pertsonal zein kolektiboan, eta hori artearen bitartez egin daiteke, alegia, sorkuntzaren bidez askatu gaitezke.

Demagogiaren zirko merkean erortzeko arriskuarekin diot, aukeran nahiago dudala NI-aren hausnarketa materialista eta berekoian jardunagatik baino, aurreko belaunaldiek lortutako giza askatasuna defendatzeko edozein disziplina artistikoan mailukadak banatuz borroka egin zuen belaunalditzat gogoratua izango balitz gurea.

Geuria aldizkarirako idatzitako testua

Amaierari hasiera emateko hitzak.

Poz handia ekarri didan gela honen atea zabalik lagako dudan arren, apal eta horma horniketa original eta aktiboan atsedena hartzeko tenorea da. Gero arte esan eta anniesdelmonoren atea zeharkatu aurretik, ingurura nostalgiaz so egin eta entzungo ditut

EXISTENTZIA IDORRETIK SALBATU NAUTEN [zenbait] KANTA

«Expectators in silence that are carrying the weight of the world on their own.
And the symbols will burn, the bad and good ones,
stickers, t-shirts, book, cds, and posters on your wall.
Because nothing is more cynical than the culture Industry»

http://gasdrummers.bandcamp.com/track/recreation-of-myths

 

«These things are wrong.
I can’t sleep here!»

«A patient game that i can’t find my way to play.»

 

«it’s a long way to sanity
but I know you won’t show me,
anyway.»

«Erraturiko habian
erroturiko txoria»


«Sans toi, je suis une blague de mauvais goût
Qui va se faire couper les sous
Merde au loyer, merde aux relances»

Con tus cenizas un árbol he plantado
 

«Steady myself for the kiss
no one should see this»

«Por un mundo mejor
habrá que hacer el amor»

«Zeure gorputza da orain nire hiria,
zeu zara orain nahi dudan aberria»

«There was a time before we were born
If someone asks, this is where I’ll be, where I’ll be»

[Badok.info atarirako egindako elkarrizketa]

“Kerobia hil da ez daukalako ezer proposatzeko”

 

Azken asteetan Kerobiaren gaineko zurrumurruak entzuten ziren han eta hemen. Batzuek zioten jotzeari utzi behar ziotela; beste batzuek, ordea, disko berria prestatzen ari zirela. Uztailaren 16an eman ziguten berria; Kerobiak agur esan zuen taldearen web orrian argitaratutako komunikatuaren bitartez. Iruñera etorri gara Xabi Bandiniren musika ibilbideari errepasoa eman eta Kerobiari amaiera emateko erabakiaren nondik norakoak ezagutzeko.

Zer moduz zaude?
Orain lasai nago.

Zein da urte hauetako balantzea?
Kerobia ezinbesteko ikasketa inportante bat izan da. Gauza inportante bat ikusteko tresna izan da Kerobia: egin daitekeela zuk egin nahi duzuna. Hau da, proiektuak aurrera eramateko beti gaude kanpotik kondizionatuta, eta Kerobiarekin ikasi dugu, nahi izanez gero, gauzak behar bezala mamituta baldin badaude, zintzotasunez planteatu eta egiten baldin badira, nahi duzuna egin dezakezula.

Zuzenean galdetuko dizut. Zergatik amaitu da Kerobia?
Hiru bat arrazoi daude. Lehendabizikoa da, Kerobiaren proiektuen ildo honek —Rose Escargot, trilogia, Supernova…— jada aspertu gaituela. Tankera bereko beste ideia pilo bat dugu, baina aspertu egin gara. Ez dugu jada magiarik aurkitzen. Musikari batek beti-beti sinetsi behar du bere lanean. Sentsazioa geneukan etorriko zen proiektua gehiago zela irauteko beste ezer baino gehiago. Argi daukagu irauteko egiten diren gauzak ezin direla sinetsi, horregatik irauteak ez dauka zentzurik. Beraz, erabaki genuen sanoena zela esatea: “honaino iritsi gara, ez da ezer pasatzen, utziko dugu Kerobiaren marka, gogoratu dadila orain arte egin duguna eta ez dadila Kerobia lotu dekadentziarekin edo gogo faltarekin”. Bigarren arrazoia: Kerobiaren antolakuntza eta egoera animikoa. Taldeak izan duen gauza on bat da beti egin dugula dena gure egoera animikoaren arabera, eta gure egoera animikoa beti joan da gora. Bueno, ba orain ez hainbeste, hortaz, lagatzen dugu. Hirugarren arrazoia bizitza profesionalarekin lotuta dago, alegia, lan kontuek zaila egiten dute biltzea eta gauzak seriotasunez egin ahal izatea. Besterik gabe, guk ez dugu esaten musika utzi behar dugunik, izan ere, musikariak gara. Musika egiten jarraituko dugu. 

Elkarrekin?
Bai, bai, laurok. Ez dezala inork pentsatu Kerobia bezala disko bat, edo bira bat, edo liburu bat egingo dugunik. Kerobia hil da, eta hil da ez daukalako ezer proposatzeko. Baina kontua da guk gure laborategian musika egiten jarraituko dugula musikariak garelako. Helbururik gabe ari gara, hau da, oraindik ez dugu ezer pentsatu. Biltzen gara musika jotzeko, baina ez daukagu proiekturik.

Bakarkako bideari ekitea burutik pasa zaizu?
Ez.

Beraz, ulertu behar da zuen proiektuak Kerobia izena zuela eta horren barruan hainbat lan egin dituzuela. Orain proiektu hori amaitutzat jo duzue, eta beste marka bat hasteko moduan zaudetenean egingo duzue.
Hori da, ondo ulertu duzu.

Orain zer gustatuko litzaizuke egitea?
Orain lasai egon nahi dut eta nire kideekin eta kideez disfrutatu.

Geratu al zaizue desilusio sentimendurik?
Aitortuko dizut, sentimendu bezala eh? Supernova-rekin aukera izan genuen merkatua zabaltzeko, Espainiara mugitzeko eta abar. Aukerak ireki ziren baina erabaki genuen bide hori ez hartzea, lana utzi behar genuelako eta abar. Azken finean, bakoitzak bere kontuak zituelako. Agian hori izan da pena bakarra, talde bezala erabaki genuela gehiago ez haztea.

 

[Elkarrizketa osoa Badok.info atarian]

 

[Badok.info atarirako egindako elkarrizketa]

“Uste dut zaila dela musika teknikariaren marka pertsonala identifikatzea, diskoak egitearen poderioz geratzen den zigilua dela”

Haritz Harreguyrekin hitzordua dugu Usurbilen. Puntual elkartu gara kafetegian, bata eta bestearekin hitz egiten dabilen bitartean kafe batera gonbidatu nau. Nola ez, musikaren gainean hitz egiten hasi gara; gustuko ditugun rock eta pop klasikoez, boladan dagoen soinuaz, eta azkenaldian ea aurkikuntza aipagarriren bat egin ote dudan galdetzen dit. Beti erne dagoen pasioz beteriko profesionala dela nabaria da. Erraza da berarekin hitz egitea; apala eta hurbila da. Kafea amaitu, kotxea hartu eta Higain estudioetara egin dugu bidea; arreta eman dit kotxean diskorik ez duela jarri, irratiaren zurrumurruarekin joan gara.
Inguru eder-ederrean dago Higain; mendiek inguratutako eremu naturalean txertatuta. Sorkuntzarako paradisua ematen du, musikaren sorginkeriaz ehizatua izatekoa. Zeharo txundituta nago, jostailu dendan sartu berri den umea bezala. Nire harridura hitzei barre egiten die, behin eta berriz “bai zera!” erantzunez. Argazkilaria heldu bezain pronto serio eta urduri jarri da Haritz. “Ezin dut. Ez zait argazkietan ateratzea gustatzen. Ez dakit zer aurpegi jarri behar dudan”, esan dio irribarre egin dezala eskatu dion argazkilariari, baina Haritzek zirkinik ere ez. Argazkilariak alde egin duenean, orduak ematen dituen lan egiteko aulkian eroso jarri da, urduritasun alaiaz galderen zain.

(…) 

Musikari bakoitzak estilo propioa du, taldeen kasuan partaide guztien ekarpenek definitzen dute hori. Zu ere soinu-marka sortzeko prozesuaren parte zara. Nola igarri egiten da musika teknikari baten ekarpena?
Ez da erraza horri erantzutea. Nik uste dut zaila dela musika teknikariaren marka pertsonala identifikatzea, diskoak egitearen poderioz geratzen den zigilua dela. Nahita nahiez badakizu bakoitza nondik dabilen, bai musika ekoizpenaren aurrean ibiltzen direnak baita atzean daudenak ere. Esango nuke bakoitzak soinu pertsonala duela, eta musika ulertzeko era bat. Azken batean hori da diskoan islatzen duguna.

Beraz, zuk zure aztarna uzten duzula argi daukazu?
Ni saiatzen naiz talde bakoitzak bere aztarna errespeta dezan. Badakit ez dela erraza, baina saiatzen naiz taldeak bere nortasuna izan dezan.

Zer eduki behar du musika ekoizle on batek?
Inkietudea, kezka, beti erne egon behar dugu. Era berean, musikaria errespetatu behar dugu. Musika asko entzutea eta gazteekin harremana izan behar da. Gaztea beti berria da.

(…)

Joxean Artze zure osaba da, eta haren poema batzuk musikatu dituzu. Nola suertatu da hori?
Bai, kar-kar-kar. Nire osaba da eta bere poesia irakurtzea tokatu zait! Olerki batzuk asko gustatzen zaizkit eta egokiak iruditu zitzaizkidan garai hartan musikatzeko. Berari galdetu nion eta ondo iruditu zitzaionez egin nuen.

Parte hartu al du zure diskoetan?
Senen azken diskoaren Pil-pil sessions-a egin genuen, eta kantu bat zegoen txelo batekin. Abestia mantsoa zen, eta horretan bere olerki bat errezitatzeko eskatu nion. Kantua entzun zuen eta asko gustatu zitzaion: “polita da e, Haritz” esan zidan. Poza eman zidan osabak kantua gustatu zitzaiola esateak.

Uste duzu musika eta literatura lotuta doazela?
Bai, behar du. Azkenean letra bat literatura da, ez?

Orduan, letra edo musika?
Biak. Gertatzen dena da… Atzerriko zenbat talde entzun ditugu eta ez dakigu zer esaten duten? Nik musikari bezala esango dizut melodia dela garrantzitsuena, abeslari on batekin. Gero, letra ulertzen baldin badut, ba noski, letra ona izan dezala kantuak. Beraz, biak, baina nik, nire deformazio profesionalarekin… musika diotsut.

 

[Elkarrizketa osoa Badok.info atarian]

 

 

[iradokizuna irakurketarekin batera entzuteko hemen]

Ixoneri hortz bat erortzen zitzaion bakoitzean, Pérez arratoitxoak txokolatezko txanponak erregalatzen zizkion. Aitak aaaasko zirela esaten zion eta horregatik baten bat berari emateko eskatzen zion. Nebak barre egiten zuen ‘hortzik gabe nola jango duzu txokolatea?’ zirikatzeko xedearekin txeratsu esaten zionean, Ixonek amorratuta ‘denak jango ditut!’ oihukatzen ziolako. Izorratzeko egiten zuen, egia esan, txokolatezko txanponen zaporea ez baitzuen bereziki atsegin. Amak, inuxenteki, bazkal aurretik tentazioan ez erortzeko agintzen zion, bestela platera hustu ezin izango zuelako. Haatik, txanponekin edo gabe Ixonek ez zuen sekula platera garbi uzten, gaur egun egiten duen modu berdinean. Dagoeneko aitak ez dizkio txokolatezko txanponak partekatzeko eskatzen, nahiz eta Ixoneri hortzak eroriko balitzaizkio gustu handiarekin arratoiak ekarritako denak emango lizkiokeen. Helduak diren arren, umea bailitzan babesten duen nebarekin duen lotura estuak ez du ezkortasunik ulertzen. Amarekin trukatzen dituen begi elkarrizketetan, bi emakumek ikusten dute elkar. Orain txanponak ez dira txokolatezkoak; buruhauste, desesperazio eta esfortsu zaporea dute. Transakziorako erabiltzen ditu: alokairua ordaintzeko, elikatzeko, janzteko, zinemako sarrera erosteko, liburuak lortu eta kontzertuetara joateko. Ez du zoriona bere definizio utopikoenean ezagutu, badaki ordea zer den oreka. Eta ezin du irudikatu ondo izate hori baino egoera perfektuagorik. Baina patuak, alde batean zein bestean, ustekabean uzten ditu zamak eta ordenatu bitartean, erortzeko bezala altxatzeko ere, kemenak egin behar du lana.

Ixone gaixotu egin da. Ezjakina den arrazoiren batek zentzumen bat lapurtzen ari zaio. Entzumenarekin batera, berezibikoa duena mundua ulertzeko, bere bizitzan odola bezain oinarrizkoa duen ikusmena. Hilabeteak eman ditu gustuko dituen afizioetaz gozatzeko metodo berriak deskubritzen, hots, bere gorputza egoera berrian ezagutzen. Eta lehen zuen gorputza herdoildu dela konturatzen denean, Ixonek negar egiten du arnasa hartu ahal izateko. Ingurukoek ordea ez dute onartu nahi eta ‘dena ondo joango da’ kalamua kontsumitzen hasi dira. ‘Nola azaltzen ahal zaio maite zaituenari gauza txarrak ez zaizkiola ‘jendeari’ gertatzen, guri gertatzen zaizkigula, alegia, jendeari’ galdetzen dio bere buruari. Ixone hauskorra dela ikasten ari da eta onartu du; kartesianoki esanda, bere gorputzak eta bere arimak bide bereiziak hartu dituztela.

Egoera berriak ematen dizkio ezusteko harrigarriak eta lantzean behin barregarriak. Letrak lehen ez bezala dantzan ikus ditzake, batez ere puntu eta koma eskasak erabiltzen dituzten autoreen idatzietan. Antzeko koloredun formak non hasi eta bukatzen diren ez dauka oso argi eta horri esker, ezpondak, eskailerak eta tankerako garaiera aldeak bereizteko arazoa dauka. Alde baikorra ikusten dio gaixotasunari, arrazoi honengatik estropezu egin edo lurrera erortzen denean, norbaitek barre egiten duenean, umore ona oso kontu garrantzitsu eta serioa dela baitaki. Bi begiak klisklatzen ikasi du, eskuekin trekkie agurra egiten ikasi zuenetik, gainditzeke zuen asignatura. Ez da sekula bakarrik sentitzen, inguruan dantzan hamaika izaki zeharrargitsu ikusten dituelako. Bera ondo sentitzen da.

Medikuek pazientzia izan dezala eskatu diote Ixoneri, saiatuko direla apurtutako pieza konpontzen. Horretarako Jack ‘The Ripper’-en tailer harategiaren antza duten gela zurietara deitzen dute. Drakula hiru hilabetez elikatzeko adina odol atera diote, kotxeen artean ez ezik, hodi, botila eta pipetetan pixa egiteko eskatu diote inolako isun barik, Marion Cotillard bailitzan lehenengo plano argazki sorta egin diote pose ezberdinetan eta ziztako berba, ‘txistako’ hitzetik berak nahi baino urrunago dagoela jakin du eta ziztada + zaplasteko hitzen elkarketa ez ortodoxotik hurbilegi.

Horietako bakoitzetik irtetzen denean, amak txokolatezko txanpon bat ematen dio. Dagoeneko Ixonek badaki arratoia gurasoak direla, baina amak oraindik ez du Ixonek txanponekin zuen harreman haur eta korapilotsuaren berririk. Ixonek irribarre zabal batekin ahoan sartzen du azukre puska, osasuntsu zegoenean ez bezala, orain badelako gai ikusteko lehen ikusi ezin zuena.